Zumarragako Urzubi taberna izango da hemendik aurrera taldearen egoitza eta Iñaki Ruiz de Egilazek Gaizka Leteri pasa dio lekukoa
Musti Taldea Realzale lagun-taldeak egoitza eta lehendakari berriak ditu. Egoitza Zumarragako Urzubi taberna da eta lehendakaria Gaizka Lete urretxuarra.
Egun luzea izan da Musti Taldekoentzat. Hasteko, urteko batzar nagusia egin dute Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Bertan, urteko balantzea egiteaz gain, lehendakari aldaketa egin dute: Iñaki Ruiz de Egilazek, Leteri pasa dio lekukoa.
Ondoren, bazkideak egoitza berria inauguratzera joan dira. Ekitaldian, lagun-taldeko kideez gain, hainbat gonbidatuk parte hartu dute. Gonbidatuen artean Realako bi jokalari ohi egon dira: Mitxel Loinaz eta Iñaki Alaba. Biak Musti Mujika zenaren taldekideak eta lagunak izan ziren.
Realaren harrobiko taldeetan jokatzen duten Urretxu eta Zumarragako bost jokalariek ere parte hartu dute: Jokin Gabilondo, Asier Teijeira, Telmo Etxeberria, Naier Ezkerra eta Imanol Ruiz de Illak. Musti Taldekoek oroigarri bana oparitu diete Realeko jokalari ohiei eta harrobiko taldeko bost jokalariei.
Ez dira oroigarriak jaso dituzten bakarrak izan. Realeko lagun-taldeak Iban Azarola duatloiari eta realzale zumarragarra omendu du, Espainiako txapelketan lortutako garaipenagatik.
Zumarragako ATA harategiko Juanjo Aranburuk ere oroigarri bat jaso du. Aranburu Musti Taldeko bazkidea eta aparteko laguntza eskaintzen dio lagun-taldeari.
Musti Taldea realzale lagun-taldeak 2003ko maiatzaren 21ean eman zituen lehen pausoak. Aurkezpen ekitaldia Zumarragako Kortaberri tabernan izan zen. Hura izan zen taldearen lehen egoitza. Bigarren egoitza Urretxuko Laket taberna izan zen.
Azken urte hauetan ez du egoitzarik izan: Zumarragako kultur etxean elkartzen dira, baina ekitaldiak batzokian egiten zituzten. Hemendik aurrera Urzubi tabernan antolatuko dituzte ekitaldiak. Tabernan Musti Taldearen argazkiak jarri dituzte eta partida egunetan telebista bat jarriko dute kanpoan mundu guztiak partidak ikusi ahal ditzan.