Zumarragako Udalak duela 50 urte bigarren herriarteko txapelketa irabazi zuten pilotariak omenduko ditu igande honetan Beloki pilotalekuan, Euskal Herriko herriarteko pilota txapelketako finalean.
Zumarragak 1970ean irabazi zuen lehen herriartekoa eta 1971n bigarrena. Bigarren txapelketa honetako finala Zarauzko Zinema pilotalekuan jokatu zuten, irailaren 19an, Zestoaren aurka. Haur mailako partidan Juan Mari Plazaola eta Jesus Mari Biain zumarragarrek 15 eta 16 galdu zuten Odriozola eta Egigurenen aurka. Gazte mailan, Agustin Erostarbe eta Rodrigo Gartziandia zumarragarrek 18 eta 6 irabazi zieten Odriozola eta Ibargureni. Senior mailan, berriz, Jose Luis Idiakezek eta Pedro Gordo zumarragarrek 22 eta 16 irabazi zieten Martin eta Etxanizi. Talde hartako arduradunak eta entrenatzaileak Daniel Apaolaza eta Alejandro Albisua ziren.
Igandeko omenaldia Euskal Herriko herriarteko pilota txapelketako finalaren barne egingo da. Finala Azpeitiak eta Lezamak jokatuko dute. 11:00etan hasiko da eta omenaldia bigarren eta hirugarren partiden artean egingo da. Pilotalekura joaterik ez dutenez (partidak ikusleekin jokatuko dira), finala telebistaz zuzenean jarraitu ahal izango dute, ETB4 katean.
Argazkian, Jesus Mari Biain (aurrean) eta Juan Mari Plazaola (atzean), garaikurra jasotzen.