Astelehenetik larunbatera 20:00etatik 08:00etara eta igandetan eta jai egunetan, egoiliarrek bakarrik aparkatu ahal izango dute bertan
Urretxuko Udalak trafiko eta aparkamenduaren ordenantza (TAO) onartu zuen atzo, aho batez. Udazkenetik aurrera Kalerrotan 90 minutuz aparkatu ahal izango da, gehienez (astelehenetik larunbatera, 08:00etatik 20:00etara). Aparkatzea doan izango da. Astelehenetik larunbatera 20:00etatik 08:00etara eta igandetan eta jai egunetan egoiliarrek bakarrik aparkatu ahal izango dute bertan. Udalak txartel bat emango die egoiliarrei.
Bi eremu egongo dira. Urdinean egoiliarrek egun osoan zehar aparkatu ahal izango dute, inongo mugarik gabe. Marroiean, berriz, astelehenetik larunbatera 08:00etatik 20:00etara 90 minutuz bakarrik aparkatu ahal izango dute.
Ordenantzaren helburua herrigunera erosketak egitera etortzen direnek aparkatzeko tokia edukitzea eta merkataritza ordutegitik kanpo egoiliarrek aparkalekua aurkitzeko zailtasunik ez edukitzea da.
Aipatu bezala, neurria udazkenean jarriko da indarrean. Irailean udalak informazioa helaraziko du etxe guztietara, margoketa lanak egingo ditu eta tiketak lortzeko makinak jarriko ditu.