Gizonezkoen lehen taldeak lau fitxaketa egin ditu
Urola futbol taldearen gizonezkoen lehen taldea aste honetan hasi da entrenatzen.
Aste honetan eta hurrengoan entrenamenduak dituzte. Abuztuaren 2tik 12ra jokalari bakoitzak bere kontura lan egingo du, eta abuztuaren 16an Argixaora itzuliko dira berriz, astean hiru lan saiorekin.
Aurredenboraldian lau lagunarteko partida jokatuko dituzte: abuztuaren 25ean Ordiziaren aurka, 28an Aloña Mendiren aurka eta irailaren 1ean Antzuolaren aurka. Irailaren 4an Zumarraga-Urretxu 50. urteurreneko torneoan parte hartuko dute, baina oraindik ez dakite noren aurka jokatuko duten.
Entrenatzaileak Igor eta Jon Caballero eta Enrike Agirre izango dira. Delegatua, berriz, Mele (Manuel Fernandez) izango da.
Hainbat baja izan dira taldean eta haien hutsuneak betetzeko, kanpoko lau gazte fitxatu dituzte eta Urolaren bigarren taldeko eta gazte mailako taldeko zenbait jokalari ere arituko dira lehen taldean, beti bezala.
Aipatutako lau gazteak Beasain Kirol Elkartetik datoz. Bata atezaina da, Beñat Agirre, eta beste hirurak aurrelariak: Beñat Peralto, Ander Azurmendi Atxur eta Alberto Medina.
Aurredenboraldian 25 jokalari inguru arituko dira lanean. “Talde oso gaztea, kalitatezkoa eta lanerako gogotsu, denboraldi polita egiteko irrikaz dagoena”, azaldu dute Urolako arduradunek.
Covid-19agatik aurredenboraldia gorabeheratsua izango dela uste dute, azken aldian ematen ari diren positiboengatik eta konfinamenduengatik.
Irailaren 12an hasiko Ohorezko Mailako liga. Oraindik ez dakite noren aurka jokatuko duten lehen partida.