Urretxu eta Zumarragako udalek dokumentala egingo dute, Estatuko herri desberdinetatik etorritakoekin
Badihardugu elkarteak euskaraz ikasi dutenak eta euren seme-alabei euskara ikasteko beharra eta grina transmititu dietenak elkarrizketatuko ditu
Atzo arratsaldean Urretxuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Bertakotzen egitasmoa martxan jartzeko hitzarmenari onespena eman zion. Aipatutako dokumentuak Urretxuko eta Zumarragako udalen eta Badihardugu Euskara Elkartearen arteko konpromisoa jasotzen du, gure herriotako hizkera eta ahozko ondarea jasotzen jarraitzeko eta orain arte euskalkiari buruz bildu den materiala eta sortuko dena txukun atondu eta zabaltzeko. Horretaz gain, Estatuko herri ezberdinetatik etorritakoei elkarrizketak egingo zaizkie eta horiekin dokumental bat egingo da.
Urretxuko Udalak orain 10 urte ekin zion euskalkien inguruko lanari, Ahotsak proiektuarekin. Ekimen hartan herriko adineko pertsonen kontakizunak bildu ziren formatu ezberdinetan, idatziz zein ahozkoan, urretxuarren eta Urretxura etorritako euskaldunen hitz egiteko era eta hiztegi propioa artxiboan eta behar den moduan gordeta gera zedin, ondorengo belaunaldientzat.
Hala, 475 pasarte jaso ziren, 388 bideoan eta gainontzeko 22ak transkribatuta. Guztira 44 hizlarik parte hartu zuten eta guztiak www.ahotsak.eus webgunean daude eskuragarri, edonorentzat; herrikoak zein beste udalerri batzuetakoak.
Orain, urte batzuk pasa dira eta bildutako bideo horien guztien lanketa eta zabalkundea egin ostean, urrats bat gehiago emateko unea heldu da. Euskaldun zaharren informazioa ondo artxibatuta, euskaldun berrien txanda da: 50eko hamarkada eta 70eko hamarkada bitartean Estatuko herri desberdinetatik lanera etorritako etorkinak ezagutu eta elkarrizketatuko dira, batetik, eta 2000. urtetik gaur egun arte mugak zabalduz etorritakoak bestetik. Eurak izango dira proiektu berri honen protagonistak, Estatutik zein nazioartetik etorri diren eta euskaraz ikasi duten horiek, edo euren seme-alabei euskara ikasteko beharra eta grina transmititu dieten urretxuar eta zumarragarrak.
Horretarako, aipatutako familiei elkarrizketak egingo zaizkie eta testigantza horiek grabatuko dira eta grabazio horiekin guztiekin dagokion lanketa egingo da (kodifikazioa, katalogazioa,…). Gero, lehentasunezko pasarte guztiekin bideo bat egingo da eta webgunean partekatu. Halaber, bi dokumental labur osatuko dira: bat 50eko hamarkada eta 70eko hamarkada bitartean estatutik etorritako etorkinen testigantzekin eta bestea 2000-2020 urte bitartean iritsitakoenekin.
Proiektuaren amaieran, 2022ko udazkenean, aurkezpen bat egingo da bideo eta dokumentalekin.