EH Bildurentzat "ulertezina eta sumingarria" da
“2020ko urritik hona, udal gobernuari jakinarazi diogu aldaketa sakona egin behar dela Urretxun ur horniduraren eta saneamenduaren zerbitzuaren kudeaketan; hau da, uraren zerbitzuaren kudeaketa publikoa egin behar dela.
2007an, ANSA enpresa (Aquagest ondoren eta gaur egun Aquarbe, Suez multinazionalaren jabetzakoa) izan zen kontratuaren esleipenduna, gehienez 10 urterako, eta beste bost urtez luzatu ahal izateko gehienez ere hogei urtez. 2010eko urrian, aldaketa garrantzitsu bat egin zen enpresa berarekin presazko jarduketaren premia esplizituengatik, enpresak ordaintzen duen kanon aldakorra berrinbertitzeko, Urretxuko saneamendu eta ur hornidurako sareak handituz, berrituz eta hobetuz. Hori dela eta aurten amaitzen dira enpresarekin hitzartutako ordainketak egindako lanengatik. Beraz, konpromiso ekonomikoa amaitzen da.
EH Bildu ez dago ados kontratua beste 5 urterako egingo den luzapenarekin eta hala jakinarazi izan diogu udal gobernu jeltzaleari, bai idatziz eta bai egindako hainbat bileratan. Izan ere, gaur egun, Zumarragarekin batera, Gipuzkoan gehien ordaintzen duten udalerriak gara, eta kudeaketa enpresa pribatu baten esku dago. Hala ere, EAJk beste 5 urte gehiago luzatzea erabaki du Aquarbe-Suez enpresarekin, eta erabaki horrek, uraren kostuari esker, enpresaren etekina gordintzen jarraituko du.
Harriduraz eta haserrez hartu dugu erabaki hori eta PSE-EEren isiltasunak ere asko harritu gaitu.
Dagoeneko erabakia hartuta dago; izan ere, udalak ez du jakinarazi kontratua ez zaiola luzatuko enpresari, kontrakoa baizik, laster berrituko dela. Gure harridura areagotu egiten da Zumarragak Aquarbekin zuen kontratua ez luzatzea erabaki duenean. Beraz, bi udalen arteko elkarrizketa arduragabea izan da. Eta komunikazio ezaren erantzukizuna alde guztiena da, ez dira baloiak kanpora bota behar.
Udal taldeak bozeramaileen azken batzordean jakinarazi zigun bere erabakia, baina gai hori kalean eta agenda publikoan dagoen arren, ez die herritarrei ezer jakinarazi. EAJk ez die Urretxuarrei jakinarazi Aquarbe-Suezekin duen kontratua 5 urtez luzatuko duela, eta Jon Luqui alkateak eta talde jeltzaleak PSEren isiltasunarekin bat, erabaki dutena helarazi behar diegu herritarrei: Aquarbe-Suezekin duen kontratua beste 5 urtez luzatuko dela.
Adierazgarria da, bai Jon Luquik eta bai Mikel Serranok uraren kudeaketa publikoa gutxiesteko argudioa Aquarbe berak erabiltzen duena izatea.
Berariaz eskatu dugu Aquarberen luzapenarekin ez jarraitzeko, hartutako konpromisoak amaitu baitira, eta ditugun datuen arabera, ez da aukerarik onena herritarrentzat.
Zergatik ez da aukerarik onena zerbitzua pribatizatzea?
Tarifak oso garestiak dira eta igoera handiak izan ditugu: Gipuzkoako urik garestiena duen bigarren udalerria gara. Eta garestienak izanik, 2007tik ordaindu duguna (Aquarbera doan fakturazioa) % 31 eta % 77 artean igo da, kontsumoen arabera. Aquarbeko irabaziak ordaindu ditugu, ez zerbitzuaren kostua.
Aquarbek inbertsio publikoaren onura jaso du: 2007tik hona kontsumo bolumenak %12 murriztu diren bitartean, Aquarberen diru-sarrerak %32 igo dira. Errendimenduen hobekuntzak Aquarbek egin ditu, bere diru-sarreren bidez.
Gardentasun eza eta opakutasuna: Aquarbek emandako datuak ez daude ikuskatuta eta ez daude egiaztatuta; beraz, opakutasuna eta gardentasun eza, nabarmenak dira. Fakturak ez dira etxe guztietara iristen enpresak hala erabakita; ez, ordea, herritarrek erabakita.
Guk, oinarri hauek defendatzen ditugu
• Ura eta saneamenduaren kudeaketa % 100 izan behar du publikoa, parte-hartzaile eta gardena.
• Enplegu publikoaren eta gaur egungo langileen lan baldintza duinen alde egin behar dugu. Langileek, dagokien lana ondo egiten dutelako eta lan ezberdinen betebeharren ezagutza tekniko bikaina dutelako, beraiek duten jakinduria aintzat hartuz Zumarragarekin batera udal egitura publiko berri batean sartzea proposatzen dugu.
• Tarifa-egitura, zuzen, ekitatibo eta progresiboa izatea.
• Uraren kudeaketa publikoagatik lortutako diru-sarrerak udalerrian gera daitezela, beharrezko azpiegitura guztiak hobetzeko eta berrinbertitzeko.
• Behar adina arretaz, etxe guztietara fakturak iristea eta Aquarbek kontuak behar bezala ikuskatu eta aurkeztu ditzala.
Hainbat gizarte-eragileek eta Onura Publikoa plataformak uraren kudeaketa publikorako eskatzen duten urratsa emateko une egokia eta aukera aproposa galdu dira.
EH Bilduk, ordea, ez du atzera egingo. Urretxuar guztientzat eredu publiko, ekitatibo eta justu bat lortzeko lanean jarraituko dugu”.