Beasain taldetik etorri dira. Joan zen astean hasi zituzten entrenamenduak. Denboraldi-aurreko lehen partida Ordiziaren aurka jokatuko dute
Urola futbol taldearen gizonezkoen lehen taldea 2021-2022 denboraldia prestatzen hasi da dagoeneko. Taldea goierritartu egin dela esan daiteke. Izan ere, lau fitxaketa egin ditu eta lauak goierritarrak dira. Denboraldi berezia izango da Urolarentzat, 50. urteurrena ospatuko baitu eta udalak zelaiko belar artifiziala berrituko baitu.
Entrenamenduak joan zen astean hasi zituzten eta aste honetan ere entrenatzen ari dira. Abuztuaren 2tik 12ra jokalari bakoitzak bere kontura lan egingo du, eta abuztuaren 16an Argixaora itzuliko dira berriz, astean hiru lan saiorekin.
Denboraldi-aurrean lau lagunarteko partida jokatuko dituzte: abuztuaren 25ean Ordiziaren aurka, 28an Oñatiko Aloña Mendiren aurka eta irailaren 1ean Antzuolaren aurka. Irailaren 4an Zumarraga-Urretxu 50. urteurreneko torneoan parte hartuko dute, baina oraindik ez dakite noren aurka jokatuko duten.
Entrenatzaileak Igor eta Jon Caballero eta Enrike Agirre izango dira. Delegatua, berriz, Mele (Manuel Fernandez) izango da.
Hainbat baja izan dira taldean eta haien hutsuneak betetzeko, kanpoko lau gazte fitxatu dituzte. Urolaren bigarren taldeko eta gazte mailako taldeko zenbait jokalari ere arituko dira lehen taldean, beti bezala.
Aipatutako lau gazteak Beasain Kirol Elkartetik heldu dira. Bata atezaina da, Beñat Agirre, eta beste hirurak aurrelariak: Beñat Peralto, Ander Azurmendi Atxur eta Alberto Medina. Taldea utzi duten jokalariei dagokienez, batzuk urte asko eman dituzte Urolan: Ander Badiola, Asier Martin eta Markel Oruesagastik, hain zuzen ere. Denboraldi-aurrean 25 jokalari inguru arituko dira lanean. Talde gaztea, kalitatezkoa eta langilea dela azaldu dute Urolako arduradunek.
COVID-19agatik denboraldi-aurrea gorabeheratsua izango dela uste dute, azken aldian ematen ari diren positiboengatik eta konfinamenduengatik.
Irailaren 12an hasiko da Ohorezko Mailako liga. Oraindik ez dakite noren aurka jokatuko duten lehen partida.
Joan zen ostegunean Jotxin Iturbe lehendakaria eta Iñaki Aranzadi zuzendaritzako kidea jokalariekin elkartu ziren. «Taldea utzi duten jokalariei eskerrak eman nahi dizkiegu, urte hauetan guztietan egindako lanagatik. Bestalde, lehen taldera igotzea lortu duzuen guztiak zoriondu nahi zaituztegu. Eta kanpotik etorri zaretenei ongi etorria eman nahi dizuegu. Etxean bezala sentitzea espero dugu. Bukatzeko, jokalariei, entrenatzaileei eta delegatuari animoak eman nahi dizkizuegu. Aurreko denboraldia zaila izan da eta honen hasiera ere gogorra izaten ari da. Guztien jarrera eskertu nahi dugu. Eredugarriak zarete eta zuetaz harro gaude».