ZUbertsotan bertso eskolak hasitako katearen hamazazpigarren kate-begia Iñaki Larrañagak jarri du, oporretako talaiatik egungo egoerari jarritako bertsoekin.
· Izenburua: ‘Ezkor bat gaur egun, edo gaur egun ezkor bat?’
· Egilea: Iñaki Larrañaga
· Doinua: HabaneraOporretako eguzkia,
nire inguruan belarra,
mundua begiratzeko
zein egoera earra!
Zeru azpiko lurrean,
etzanda hartuz indarra,
begiak lasai itxita
kolpera datorkit arra,
elkar janez, kritikatuz,
auzo parkeko marmarra,
munduko gerrak, gosea,
eta pateren negarra,
hain garbi ikusten duena,
ezin naiz izan bakarra…
Munduaz bat joateko
norantza aldatu beharra.Marte jopuntuan duen
mundu doktrina izarrean,
beste beharrik ez al da
globo urdineko larrean?
Naturatik urrunduta,
mespretxuz hartuz, errean,
belar gozo itxurako
basamortu lur arrean,
bakaritz inguratuta
gizarte txit koldarrean,
enpatian ezin jardun,
kritikatzeko, txarrean,
altzeimer historikorako
konfidantza txip batean?
Bertso oinak zeruan bai,
norbere oinak lurrean.Herria berriz lo dago
azukre berri baten bila,
hizkuntza etxegabetuta
bere seme-alabek hila,
helburu zaharra lozorro
preso zain egon dadila,
koktela ondo nahasteko
pandemiaren gurpila,
ondokoa izorratzeko
zer nolako burmuin pila!
nik beti nire zilborra,
eta ez ikutu mobila!
Aurki dezagun txerto bat,
herria piztu dadila,
edo betirako loa
emango digun pastilla.