Alkateak Industria ministerioarekin eta Ingurumen departamentuarekin lurraren erosketa lantzen ari zirela eta bertan Plastic Energy birziklatze enpresak bertan lantegia ireki nahi duela azaldu du
Zumarragako gobernu taldeak Zumarragako Udala Eusko Jaurlaritzak erosi berri duen ArcelorMittalen lursailerako lantzen ari den egitasmoa aurkeztu du gaur eguerdian. Plastic Energy enpresak Zumarragan birziklapen lantegi bat irekitzeko asmoa azaldu du eta Europako Next Generation egitasmoko diru-laguntzak jasotzea espero dute.
Prentsaurrekoan gobernu taldeko (PSE-EE) sei kidek parte hartu dute eta Mikel Serrano alkateak hartu du hitza. Eusko Jaurlaritzak ArcelorMittalekin lursaila erosteko akordioa lortu izana txalotu du. “Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sustatzeko saila proiektuan sartzea ongi etorria da, eta indartu egingo du Industria, Merkataritza eta Turismo ministerioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen sailarekin mantentzen ari garen lankidetza instituzionala”
Udalak lursail hori garatzeko “erraztasun guztiak” jarriko dituela gehitu du, baina orain arte Gasteizko gobernuak biziberritze prozesuan ez duela parte hartu esan du. “Zumarragarentzat eta bere eskualdearentzat ezinbestekoa da industria gune hori suspertzea. Industria berritzailea ezarri nahi dugu, udalerriari balio erantsia emango diona. Tamalez, Eusko Jaurlaritza faltan bota dugu. 2016tik egindako bidea konplexua izan da, baina Zumarraga ez da bakarrik egon: Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo ministerioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako departamentuarekin lan egin dugu. Next Generation funts europarren finantziazioa baliatu nahi genuen lursaila erosteko eta Plastic Energy enpresa, plastikoaren ekonomia zirkularraren berrikuntzarako polo bat eta Zumarragako eta eskualdeko iragana eta industria tradizioa gogoratuko dituen espazio bat bertan kokatzeko”.
Irailerako bi bilera zeuden aurreikusita. Lehena ArcerlorMittalekin eta Industria ministerioarekin bigarrena Plastic Energy enpresarekin, Industria ministerioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendaritzarekin. Eusko Jaurlaritzak lursaila erosiko duenez, bilera bakarra egingo dute (asteartean) eta ArcelorMittalek ez du parte hartuko. Oraingoz ez diote gonbidapenik luzatu Eusko Jaurlaritzari. “Industria ministerioari dagokio gonbidapena luzatzea”, esan du alkateak.
Serranok jaurlaritzak ArcelorMittal itxi zenetik izan duen jarrera kritikatu du. “Zumarragako Udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek ezagutzen zuten proiektua. Izan ere, uztailaren 8an, egindako kudeaketei buruzko informazioa eman zen. Aurrera egin ahal izateko beharrezkoa zen udalak Arcelorren lursaila erosteko konpromisoa hartzea. Baina, ustekabean, eta proiektuari ekiteko azken fasean geundela, ArcelorMittalek jakinarazi zigun Eusko Jaurlaritzak lursailen zati bat erosi zuela industria jarduera berri bat bultzatzeko. Oso albiste ona da, baina albistea Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sustatzeko sailak eman izana gustatuko litzaiguke. Zergatik erosi du orain lursaila eta ez duela bi urte? Dena den, Eusko Jaurlaritza proiektuan sartzeak erakundeen arteko lankidetza indartuko duela eta Zumarragan Plastic Energy ezartzea erraztuko duela uste dugu”, amaitu du.