Atzo goizean Lierniko 40. txirrindularitza proba jokatu zen. Bi lasterketa egon ziren, arrunta eta kronoigoera, eta biak Bellota-Goierri taldeko Nicolas Alustiza zumarragarrak irabazi zituen. Alustizaren atzetik Ampo-Ikolan taldeko Unax Iztueta eta Aviron Bayonnais taldeko Maxime Renoux heldu ziren.
Errepideko probako lehenengo 40 sailkatuek erlojupeko proba jokatu zuten gero, lau kilometroko lasterketa batean. Segurako eta Mutiloako bidegurutzetik abiatu eta Lierniko gainera ahalik eta azkarren joatea zen helburua, eta hemen ere Nicolas Alustizak eskuratu zuen lehen postua. Bigarren postuan Unax Iztueta sailkatu zen eta hirugarrenean, berriz, Elgoibarko Lagun Taldeako Jokin Amorrosta.
Larunbatean Alustizak Ibarrako lasterketan parte hartu zuen eta hirugarren postuan sailkatu zen.
Joan zen astean Alustizaren aitona hil zen, Josetxo Goenaga, eta Zumarragako txirrindulariak igandeko bi garaipenak aitonari eskaini zizkion.