Euskal Telebistaren lehen kateak igande honetan estreinatuko du 'Baserria' saioaren bigarren denboraldia
ETBko Baserria telebista saioaren bigarren edizioan bi zumarragarrek parte hartuko dute: Maider Gineak eta Iñigo Lasak. Igandean hasiko da denboraldi berria, eta berrikuntza ugari izango dituela azaldu dute programaren arduradunek.
Gineak baserritarren bandoan parte hartuko du. 43 urte ditu eta ordiziarra da jaiotzez. Kalean jaio zen, baina 10 urte daramatza Zumarragako Gurrutxazpi baserrian bizitzen, Xabier Zaldua senarrarekin batera. Ez zaio jende zuria gustatzen, nahiago ditu aurrez doazenak. Bera ere ez da isilik gelditzekoa, nahiz eta orain, gaztetan baino “moderatuagoa” dela dioen.
Lasak, berriz, kaletarren taldean parte hartuko du. 23 urte ditu eta kirolzalea da: saskibaloian jokatzen du eta gimnasioan ere aritzen da. “Oso oso lehiakorra” dela dio. Gainontzean, pertsona irekia da, irribarre errazekoa. Jendearekin harremanetarako erraztasuna du eta lagun talde ugari dauzka. Eztabaidak sortzen direnean, entzuten saiatzen omen da, nahiz eta zenbaitetan aztoratu ere egiten den. Bitxikeria moduan, Ainhize Azpiazu (azkoitiarra) bikotekidea ere, lehiakide izango du Baserria saioan. Kontrako bandoan, gainera.