ZUbertsotan bertso eskolak hasitako katearen hemezortzigarren kate-begia Mattin Aranburuk jarri du, Pirulo plazan hilaren 11n gertatutakoei jarritako bertsoekin.
· Egilea: Mattin Aranburu Guridi
· Gaia: Bertso berriak, hilaren 11n Pirulon ikusitakoari jarriak
· Doinua: Iturengo arotza
1) Kontatuko dizuet
nik gertatu zana,
abeslari bat baita
hor egoten dana,
munipak agerturik
ematera lana,
harro joan ziren baina
atera zen rana.
2) Gizonak kantatzen du
ozen eta trebe,
Comandante Guevara,
baita Laboa ere,
Urretxun jarria zen
patxaraz, errege,
munipak joan arte
arau eta lege.
3) Uniformez ta serio
zaizkio hurbildu,
edonork pentsauko zun
‘honek norbait hil du’,
pixkanaka jendea
inguruan bildu,
berrogei juntatzean
munipak kikildu.
4) Jendea berotuta
a ze kalapita,
gizona bazijoan
triste ta etsita,
batenbatek ideia
izan zuen tita,
segi zezan kantatzen
Zumarran jarrita.
5) Hamar metro aurrera
ta jarri zen bertan,
munipek ez jakin non,
zergatik ez zertan,
kotxean sartu eta
joan ziren bueltan,
hobe ezkutatzea
horrelakoetan.
6) Gizonak izan zuen
lagunen babesa,
utikan polizi ta
politikon meza,
lege ugari bai baina
zuzentasun eza,
bizitzen ari gera
garai aldrebesa.