Udalak eta Hirutek enpresak Zelai Arizti aretoko udazkeneko egitaraua aurkeztu dute .Datorren astean ‘Maixabel’ pelikula emango dute eta urriko lehen asteburuan, berriz, ‘Nora’ filma.
Zumarragako Udalak eta Hirutek enpresak Zelai Arizti aretoko udazkeneko programazioa aurkeztu dute. Zine emanaldiez gain, lau kontzertu antolatu dituzte. El Drogasek, Sonakayk, Los Brazosek eta Willis Drummond-ek joko dute.
Lehen kontzertua Sonakay flamenko taldearena izango da, urriaren 15ean. Kontzertu hori Euskadiko Extremadurako elkarteen federazioaren 35. urteurrena ospatzeko antolatu da eta sarrera doan izango da.
Urriaren 29an El Drogas nafarrak joko du. Enrique Villarrealek poema liburua eta diskoa argitaratu ditu. Zumarragan kontzertu akustikoa egingo du, zazpi musikarirekin. Abesti berriez gain, bere ibilbideko klasikoak joko ditu. Sarrerak 15 euro balio du.
Azaroaren 26an Los Brazos rock talde bizkaitarrak joko du. Sarrerak 10 euro balio du. Kontzertuekin bukatzeko, abenduaren 30ean Willis Drummond Iparraldeko rock taldeak joko du. Kontzertu honetarako sarrerek ere 10 euro balio dute. Sarrerak hilaren 23an jarriko dituzte salgai, Zelai Ariztiko leihatilan, bertako makinan eta zelaiarizti.eus webgunean.
Udalak eta Hirutek enpresak beste ekitaldi berezi bat ere antolatu dute: urriaren 22an, 19:30ean, Jantzari: tradizioa eta parekidetasuna dokumentala emango dute. Emanaldi hori ZuDantzaz taldeak proposatu du.
Zinema komertziala
Zinema saio komertzialei dagokionez, joan zen asteburuan eman zioten hasiera denboraldiari. Aste honetan, Descarrilados eta Space Jam: aro berria pelikulak emango dituzte. Aurrenekoa larunbatean, igandean eta astelehenean emango dute, 19:30ean eta 22:00etan. Umeentzako Space Jam filma, berriz, larunbatean eta igandean, 17:00etan.
Hilaren 24, 25, 26 eta 27an Maixabel filma izango da ikusgai. Maixabel Lasa legorretarraren bizitzan oinarritutako pelikula da Iciar Bollainek zuzendu duena, eta urteko estreinaldi nagusietakoa izango da.
Urriko lehen asteburuan, berriz, Nora pelikula emango dute. Urriaren 3ko 19:30eko emanaldian Lara Izagirre zuzendariak parte hartuko du. Pelikula aurkeztuko du eta emanaldiaren ondoren egongo den solasaldian parte hartuko du.
Aipatzekoa da, bestalde, hilaren 23an zineklub denboraldia hasiko dela eta udalak eta Hirutekek operaren lagunekin hitz egin dutela opera emanaldiak berriro abian jartzeko. Gainera, urriaren
3tik aurrera, igande eguerditan haurrentzako zine emanaldiak egongo dira.
Egitarauaren aurkezpen ekitaldia atzo izan zen, Zelai Arizti aretoan bertan. Mikel Serrano alkateak Zumarragak kulturaren aldeko konpromisoa duela esan zuen eta Hirutek enpresari eskerrak eman zizkion egiten duen lanagatik. Hirutek enpresako Rikardo Intxaustik kultura segurua dela gogoratu zuen eta herritarrei gonbita luzatu zien.