Ander Iturri Mugikortasun eta Garraio Publikoko zuzendariak bidegorria bisitatu du. Aste gutxi barru behin-behineko konponketa egingo dute eta ondoren argiztatzea berrituko dute.
Bidegorriko tuneletako argiztatze sistema egoera txarrean dago eta Gipuzkoako Foru Aldundiak berritzeko asmoa azaldu du. Proiektua garatzen ari da eta bitartean hobekuntzak egingo ditu. Izan ere, azken hilabeteetan istripu txiki batzuk egon dira argiztatzearen egoera kaxkarra dela eta.
Ander Iturri aldundiko Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko zuzendari nagusiak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak prentsaurrekoa egin zuten atzo Aizkibeleko tunelaren sarreran egitasmoaren berri emateko.
Serranok bidegorria herritarrek gehien erabiltzen duen azpiegitura dela gogoratu zuen. «Udan istripu txiki batzuk egon dira tunel batzuetako argiztapena egoera txarrean dagoelako eta. Uztailean eta abuztuan aldundiko arduradunekin hitz egin nuen eta argiteria aldatzeko asmoa dutela aipatu zidaten».
Aldundiaren borondate ona eskertu zuen. «Anderrek duela gutxi hartu du kargua, baina berehala erantzun du. Eskerrak eman nahi dizkiot, arazoaren berri izan bezain laister gurera etorri delako».
Iturrik arazoa konponduko dutela agindu zuen. «Tunelen egoera bertatik bertara ezagutzeko etorri gara gaur hona. Halako arazoak konpontzeko, aurrekontu-sail bat dugu eta lanean ari gara».
Epe motzean, argi gutxien duten tuneletan argi gehiago jarriko dute. «Hori behin-behineko konponbidea izango da. Ondoren, argiztapen guztia berrituko dugu. Txosten bat egin genuen eta egun proiektua idazten ari gara. Argiztatze sistemaren berrikuntzari ekin aurretik, led argiak jarriko ditugu gaizki argiztatuta dauden tuneletan», azaldu zuen.
Bide Azpiegituren sailaren laguntza izango dute. «Mantenu lana Bide Azpiegituren sailarekin batera egiten dugu. Bide Azpiegituren saila. Behin-behineko konponbideari aste gutxi barru ekingo diogu. Egunak geroz eta motzagoak dira eta negua heldu aurretik tunelen argiztapena hobetu nahi dugu. Bi, hiru edo lau aste barru tunelak hobeto argiztatuta egongo dira», aipatu zuen.
Behin-betiko konponbideari dagokionez, Iturrik ez zuen eperik jarri nahi izan. «Argiztatze sistema hilabete batzuk barru aldatuko dugu», aurreratu zuen aldundiko Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko zuzendari nagusiak.