Zumarragako Udalak uraren diagnostikoa Capiol enpresari esleitu diola salatu du eta Urretxuko Udalari Aquarberekin duen kontratua ez luzatzeko eskatu dio
Onura Publikoa plataformak kezka azaldu du Urretxu eta Zumarragako udalek uraren gaiaren inguruan hartu dituzten erabakiengatik.
Beste behin, zerbitzua publifikatzeko eskatu die. «Egin dugun eskaera garrantzitsuenetako bat publifikazioaren aldeko erabakia aldi berean hartzeko izan da. Izan ere, aurten amaitzen da Aquarberekin duten kontratua. Baina gerta zitekeen okerrena gertatu da: Urretxuko Udalak denon ondarea den ura pribatizatzen jarraitzea erabaki du eta Zumarragakoak ez luzatzea erabaki arren, kudeaketa publikoa ez dago bermatuta inondik inora».
Urretxuko Udalaren kasua «bereziki kezkagarria» dela diote, bost urtez pribatizatuko duelako urretxuarren ura. «Orotara 20 urte lirateke multinazional baten esku utziz guztiona eta estrategikoa den ura. Zumarragaren kasuan ez luzatzeak arnasa eman digun arren, bereziki kezkagarria da Zumarragako uraren egoeraren diagnostikoa Capiol enpresari esleitu izana. Capiol enpresako zuzendariak Agbar-Suez-Aquarbe enpresaren zuzendari ohiak dira. Horietako bat auzipetua dago Pokemon auzian eta beste batek harro dio bere webgunean Kataluniako uraren pribatizaziorik handiena eraman zuela aurrera. Txostena jaso ez dugun arren, alerta egoteko nahikoa arrazoi dugu».
Langileen baldintzak txarrak direla ere salatu dute. «Argigarria eta salagarria iruditzen zaigu langileak Estatuko hitzarmenarekin egon arren, udalek uraren kudeaketa beraien ardura dela esatea. Beraz, langileen lan baldintza eskasen ardura ere udalena da».
Uraren prezioarekin gauza bera gertatzen dela diote. «Gipuzkoa, EAE eta Espainiako preziorik garestienak ditugu eta udalen ardura izan arren ez dute ezer esaten. Elektrikek egiten dutena egiten du Aquarbek urarekin: denon ondarearekin eta oinarrizko zerbitzuarekin negozioa. Ordenantzak onartzera doaz eta bi udalei uraren tarifak murrizteko eskatzen diegu. Ez dugu etsiko guztiona den ura era publiko, garden eta parte hartzailean kudeatu arte, tarifa justuak izan arte eta langileen baldintzak nabarmen hobetu arte».