Aurrekontua 730.000 eurokoa da eta obra urte amaieran esleituko da. Zola aldatzeaz gain, Migel Lopez de Legazpiren estatua inguratzen duen hesia kenduko dute
Zumarragako Udalak Euskadi plazako obraren lizitazioa onartu du aste honetako osoko bilkuran. Obra hau Soraluze eta Legazpi kaleak eta Euskadi plaza oinezkoentzako bihurtzeko egitasmoaren barne sartzen da. Aurrekontua 730.000 eurokoa da eta obra urte amaieran esleituko da. Obra urte amaieran edo datorren urte hasieran hasiko da.
Plaza 1990eko hamarkadan berritu zen azkenekoz. «Denborarekin, hareharrizko zola hondatu egin da. Berria granitozkoa izango da», aipatu zuen Mikel Serrano alkateak astearteko osoko bilkuran.
Horretaz gain, Migel Lopez de Legazpiren estatua inguratzen duen hesia kenduko dute. «Hesia eta landareak kenduko ditugu eta estatuaren inguruan eserleku bat ipiniko dugu. Hala, plazak zabaltasuna lortuko du».
Zumarragako Udalak Europako diru-laguntzak lortzea espero du. Izan ere, plazaren zaharberritzea herriaren erdialdea oinezkoentzako bihurtzeko egitasmoaren barne sartzen da. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten.
Osoko bilkuran Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren adjudikazioa ere onartu zuten. «Egungoa Plan Orokorra 2008koa da, zaharkitua gelditu da eta berritu beharra dago. Maiatzean lehiaketa deialdia egin genuen eta enpresa bakarra aurkeztu da. Izan ere, oinarriak oso zorrotzak ziren. Plan berriaren diseinuan alor ezberdinetako adituek parte hartzea nahi dugu: ingurumena, gizarte zientziak, berdintasuna, euskara… Plana Zumarraga Garatuz enpresak egingo du. 302.000 euroko aurrekontua aurkeztu du. Prozesuak hiru urte iraungo du eta zazpi fasetan egingo da, herritarren parte hartzearekin».
Egitasmoaren garrantzia azpimarratu zuen. «Plan berriak Arcelorren lursailaren garapena jaso beharko du, enpresak erakartzeko. Eta alokairuzko etxeak egiteko lursailak bilatu».
Proiektuarekin ados, ez moduekin
EH Bilduko Josu Aztiriak ere Plana «oso garrantzitsua» dela esan zuen. «Bat nator alkatearen aurkezpenarekin. Plan Orokorra oso garrantzitsua da, Zumarragaren etorkizuna zehaztuko baitu. Gogoz parte hartuko dugu».
Lizitazio prozesuarekin, ordea, ez zen gustura azaldu. «Pleguen arabera, kontratazio mahaian denok egon behar ginen. Ez zitzaigun gonbidatu, ordea. Bestalde, enpresa bakarra aurkeztu izana ez da ona. Alderdi teknikoan puntu gutxi lortu ditu».
Alkateak enpresa bakarra aurkeztu izana, udalaren exijentzia altuaren ondorioa dela erantzun zion. «Enpresa honek inguruko beste herri baten Plana egin behar du». Alderdi guztiek alde bozkatu zuten.
Kale garbiketa hizpide
Osoko bilkuran kale garbiketa zerbitzuaren adjudikazioa ere onartu zuten. Datozen zortzi urteetan FCC Medio Ambiente eta Serbitzu Elkartea arduratuko dira kaleak garbitzeaz. Aurrekontua 721.000 eurokoa izango da, urteko. Alkateak zerbitzua hobetu egingo dela aipatu zuen. «Mekanizazioan hobekuntza egongo da. Zazpi makina gehiago erabiliko dituzte. Horietako batzuk elektrikoak izango dira. Makina horiek zarata gutxiago egiten dute eta gutxiago kutsatzen dute. Horretaz gain, langileek formakuntza saioak jaso behar dituzte eta gaikako bilketa ahalbidetzen duten zaborrontziak jarri behar dituzte».
Aztiriak jarraipen mahai bat eratzea proposatu zuen, enpresak agindutakoa betetzen duela ziurtatzeko. «Aurreko pleguetako baldintzak ez zituzten bete, ez garbiketaren maiztasunari dagokionez eta ezta langileen lan baldintzei dagokienez. Orain maiztasuna handituko dutela esan dute, baina horretarako langile gehiago kontratatu beharko lituzkete. Jarraipen mahai bat osatu beharko litzateke eta zerbitzuaren munizipalizazioa aztertu». PSE-EE eta EAJk alde bozkatu zuten, Elkarrekin Zumarragak abstentzioa eman zuen eta EH Bilduk aurka bozkatu zuen.