Pandemiaren aurretik bezala, Zumarragako EAG astean zazpi egunez eta 24 orduz zabaltzeko eskatu dute dozenaka lagunek, manifestazioan.
24/7 EAG Irekita Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunearen (EAG) aldeko plataformak deituta, manifestazioa egin dute gaur Urretxu eta Zumarragako kaleetan, atzera ere, EAG egunero eta egun osoz zabaldu dezatela eskatzeko.
Eguerdiko 13:00etan abiatu da manifestazioa Areizaga-Kalebarren plazatik, eta bi herrietako kaleetan barrena ibili eta gero, EAGra arte joan dira manifestariak. Aste honetan egindako agerraldian azaldu dutenez, Osakidetzari hainbat idatzi bidali dizkiote, baina ez dute erantzunik jaso; ezta 7.000 herritarrek sinatutako dokumentua eraman zutenean ere. Hori dela eta, protestekin jarraitzeko beharra ikusten dute.
Zumarragako Etengabeko Arreta Gunea 2020ko martxoan itxi zuten, pandemia zela eta. 2020ko urriaren 3an ireki zuten berriz, baina ez lehengo baldintzetan. Horrek herritarrei hainbat oztopo ekartzen diela gogorarazi dute; besteak beste, Beasaingo anbulatoriora edo Zumarragako Ospitaleko larrialdi zerbitzuetara joan beharra, hauek kolapsatzeko arriskua dagoenean.
Hileko lehen eta hirugarren asteazkenetan elkarretaratzeak egiten jarraituko dute, eta hileko lehen larunbatean, manifestazioak. «Administrazioa presionatzen jarraitu beharra dugu, bestela gure nekea ezer ez egiteko baliatuko du».