Afrikako herrialde horretara egindako bidaian jasotako hausnarketak bildu ditu. Liburua herriko liburudendetan eta Don Buk argitaletxearen webgunean eskura daiteke
Iker Igartua bidaiari zumarragarrak Raices en flor liburua argitaratu du. Liburu honetan duela hiru urte Etiopiara egindako bidaian jasotako hausnarketak bildu ditu.
Igartua irakaslea da lanbidez eta bidaiaria afizioz. Bidaietan bakarrik idazten du. «Bidaietan ikusten duzuna eta sentitzen duzuna oso bortitza da. Gaztetxotan hasi nintzen idazten. Donejakue Bidea egin nuenean idatzi nuen lehen egunerooa. Azken bidaietan idatzitakoa inprimatu egin dut eta ingurukoei eman diet».
Oraingoan, berriz, liburu forma eman dio idatzitakoari. «Duela hiru urte joan ginen Etiopiara. Idatzitakoarekin gustura gelditu nintzen eta argitaletxe batzuetara bidali nuen. Erantzun zidatenean, poz handia hartu nuen. Word formatuan idatzitakoa liburu formatuan ikustea oso polita da».
Sevillako Don Buk argitaletxearekin argitaratu du liburua. «Autore hasiberriekin lan egiten duen argitaletxe xume bat da. Oso pozik nago beraiekin. Liburua herriko liburudendetan eta Don Buk argitaletxearen webgunean eskura daiteke», aipatu du urretxuarrak.
Igartuak eta bere bikoteak (Maite Arbonies) bost aste eman zituzten Etiopian. Liburuan, bertan bizitakoaren eta ikusitakoaren inguruko hausnarketak jaso ditu. «Sekulako talka izan zen. Horrelako bidaia batek hausnartzera eramaten zaitu: zure bizitza nolakoa den, zer egiten duzun han, toki haietan uzten duzun arrastoa ona edo txarra den…».
Afrikaz maiteminduta
Afrika asko gustatzen zaie. «Mozambiken, Zimbauen, Zambian… egon gara. Abentura nahi baduzu, Afrikan abentura aurkituko duzu. Izan ere, Tailandiara motxilarekin eta kanpin dendarekin joaten denak dena egin du. Afrikan ziurgabetasuna askoz ere handiagoa da», azaldu du.
Afrikara egindako lehen bidaian, Mozambikera joan ziren. «Maitek dantza afrikarrak egiten zituen eta nik djembea jotzen duen. Afrikara ikastera joan ginen. Kontinentea asko gustatu zitzaigun».
Etiopia oso berezia dela dio. «Sekula kolonizatu ez duten herrialde bakarra da. Hori dela eta, oso harro daude beraien historiaz. Benetako afrikarrak direla diote. Etxeak eta janzkera ez dira horren europarrak. Oso harro daude etiopiarrak izateaz». Afrikako herrialde batean kristauak eta musulmanak elkarrekin bizitzea ere berezia iruditzen zaio.
Lehen egunerokoak bere buruarentzat idatzi zituen eta azkenak, berriz, besteek irakurtzeko. «Lehenengo idatziak bidaiak gogoratzeko idatzi nituen. Azkeneko hauetan, berriz, besteei bidaietan bizitakoa kontatzen diet. Hori dela eta, asko poztu nau liburua argitaratzeak».
Ez du aurrekoak argitaratzeko asmorik. «Azken honekin gusturago gelditu naiz. Aurrekoak ez ditut argitaratuko. Etorkizuneko bidaiekin ez dakit zer gertatuko den. Idatzitakoarekin gustura gelditzen banaiz, beharbada argitaratu egingo ditut».
Europan eta Asian zehar ere bidaiatu dute eta beraien ametsa Ugandara joatea da. «Iaz hegaldia hartu genuen eta bertan behera utzi behar izan genuen koronabirusarengatik. Egunen batean joatea espero dugu».