Espaloi berria jarriko dute. Kalearen bi aldeak lotzen dituen espaloia eta musika eskolara doana altxatu egingo dituzte. Argiteria berrituko dute, led argiak jarrita
Mikel Serrano zumarragako alkateak agerraldia egin du Urdaneta hiribideko eta Artiz kaleko obraren berri emateko. Artiz kalekoa ia amaituta dago eta Urdanetako lanak azaroa amaieran bukatuko dituzte.
Obra hau agintaldiko plangintzaren barne egin dituztela esan du. «Lanek 226.000 euroko aurrekontua dute eta 14 asteko iraupena. Artiz 13-17ko espaloia berritu dugu eta zuhaitzak jartzea bakarrik falta da. Orain Urdanetan lan egiten ari dira. Espaloia berritzeaz gain, ur bilketa bereiziko da. Euri ura alde batetik jasoko da eta ur zikina bestetik. Gainera, led argiak jarriko ditugu eta zuhaitzak aldatuko ditugu. Zaharrak dagoeneko kendu ditugu, etxeei argia kentzen baitzieten. Berriak txikiagoak izango dira eta errepidetik gertuago egongo dira».
Obra honek irisgarritasuna bermatuko du. Urdaneta kaleko espaloia berdindu egingo dute eta bertako garajeetara sartzeko dagoen koxka txikitu egingo dute.
Zebrabideetan ere aldaketak egongo dira. «Kalearen bi aldeak lotzen dituen zebrabidea eta Urdanetatik musika eskolara doazena altxatu egingo ditugu. Musika eskolatik Julian tabernara doan errepide zatian, berriz, zebrabidea margotuko dugu. Bestalde, obra hau amaitzen denean, Artiz 24-26tik musika eskolara doan espaloia berrituko dugu».
Agintaldi honetako obrak
Serranok agintaldi honetan obra asko egin direla gogoratu du. «Koronabirusak zailtasunak jarri dizkigun arren, ez dugu erritmoa mantsotu. Horri esker, garai zail hauetan herriko enpresei lana eman diegu. Agintaldi honetan 32 obra egin ditugu. Guztira, 4,2 milioi euroko inbertsioa egin dugu. Eta milioi bateko diru-laguntza jaso dugu, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik».
Herriko zonalde guztietan egin dira obrak: azokaren zaharberritzea, goiko auzoen urbanizazioa, Argixao industrialdearen urbanizazioa, Luis Urdangarin zelaiko harmaila, Antioko haur parke berria, Argixao futbol zelaiko belar artifizialaren aldaketa…