EITBk EH!rasmus sociality formatu berria estreinatuko du igandean. Erasmus bekarekin atzerrian dauden sei ikasle EITBko erreportari gazte bilakatuko dira, eta Gaztearen Youtube kanalean, igandero, ikastera joan diren herriko bizipenak zabalduko dituzte. Eta egunerokoan, beren topaleku espaziala sare sozialetan izango dute. Instagramen edo Twiterren bizirauteko trikimailuak, bideoak eta argazkiak konpartituko dituzte. Halaber, Gazteako Dida! irratsaioan eta ETB1eko Biba Zuek! saioan parte hartuko dute kazetari modura. Sei parte hartzaileetako bat Norvegiako Lillehammer hirian dagoen Maider Artzelus Galarraga urretxuarra da.
Socialitya bizipen erreal bat da, sare sozialen bitartez. Erasmus edo Sicue bekarekin atzerrian diren sei gazteren jarraipena egingo du EITBk Youtuben eta Instagramen. Euren abentura eta esperientziaren bizipena taldean ikusi eta jarraitzaileek komentatu-galdetu-parte hartu ahalko dutenez, sociality bat izango da.
Ez da saio arrunta izango, horregatik ikusleak baino jarraitzaileak/parte hartzaileak izango ditu proiektu honek. Igandero EH!rasmusek bizipen berri bat, erronka berri bat argitaratuko du Gaztearen Youtuben. Ostiraletan Dida! saioan izango dira, eta noiznahi Instagramen.
Euskal gazteen lorpenez harro mintzoko da saio hau. Gazteek gazteentzat egindako programa izango da. EITBLabek, EITBKo formatu eta ideia laborategi eta proiektuaren sustatzaileak, erronkak botako dizkie ikasleei: 30 eurorekin egin ezazue asteko erosketa, erakutsi zuen hirietako eskaintza kultural bat, nola bizi bertan beganoa bazina, zure hirian nola lortzen dute lana gazteek…
Interakzioa eragiteko helburua ere badu saioak: komentarioak sustatzea, elkarri galdetzea, Euskal Herrian daudenen galderak, argazkiak… Saioaren adar naturala izango dira, eta hor ere sor daitezke programetarako interes guneak eta lanketak.
Aurpegi, esatari, aurkezle eta batez ere talentu berria fitxatzeko tranpolina izateko helburua ere badu EH!ramusek. Izan ere, gazteak gidoiez, elkarrizketen produkzioaz, edizioaz… arduratuko dira.
Munduan barrena dabiltzan sei ikasleek bidalitako irudiekin 30 minutuko asteroko tartea osatuko dute. Horrez gain, Biba Zuek! saioan konexioak egingo dituzte beraiekin, korrespontsalak bailiran eta euren asteroko saioa ikustera gonbidatuz. Astean behin ikasleetako bat azalduko da Skypez bere hiriaren berri ematen Jon Artano kolaboratzailearekin batera (platotik konektatuko dute haiekin). Gaztean, astero EHrasmus batekin egingo dute gazte aktualitatearen jarraipena, euren ikasterriko musika, nobedade, tendentzia edo bitxikeriez.