Herriko hainbat kaletan egoiliarrek bakarrik aparkatu ahal izango dute gauez
Zumarragako Udalak gaueko aparkalekua arautzea erabaki du eta araututako kaleetako bizilagunek egoiliar txartelak eskatu behar dituzte gauetan etxe azpian aparkatu ahal izateko. Udalak egoiliar txartelak eskatzeko bulegoa ireki du Zelai Arizti kultur etxean.
Bi eremu erregulatuko dira. Batean, Soraluze, Euskadi plaza, Legazpi, Secundino Esnaola, Urola, Legazpi kalearen atzealdea, Elizkale, Beloki hiribidea, Bidezar, Piedad, Iparragirre, Txurruka, Elkano, Okendo eta Kalebarren sartuko dira. Kale horietan guztietan bizi direnez gain, Jai-Alain, Zelai Ariztin, Nafarroa plazan eta geltokiko plazan bizi direnek ere gauez bertan aparkatzeko baimena lortu ahal izango dute.
Bigarren eremuan Urdaneta, Artiz, Iñigo de Loiola, Filipinetako Uharteak, Orbegozo eta Hiri Lorategia sartzen dira. Legazpi auzunean bizi direnek ere aipatutako toki horietan gauez aparkatzeko txartela eskatu ahal izango dute. Bi eremuak gorriz margotuko dituzte.
Txartelak 21:00etatik 08:00etara aparkatzeko balioko du, astelehenetik ostiralera. Ostiraletik larunbatera, larunbatetik igandera, jai egunetan eta abuztuan edonork aparkatu ahal izango du kale horietan.
Autoan itsatsi beharreko egoiliar txartelak zumarraga.eus webgunean eskatu daitezke edo Zelai Arizti kultur etxean: astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 13:30era eta 15:30etik 17:30era eta ostiraletan 08:30etik 14:30era. Txartela lortzeko, pertsona eta autoa kale horietako batean erroldatuta eta helbideratuta egon behar dira. Pertsona bakoitzeko bi baimen emango dira gehienez eta bizileku bakoitzeko hiru.
Azaroaren 1etik aurrera egoiliar txartela beharrezkoa izango da bi eremu horietan gauez aparkatzeko.