Gaueko aparkalekuak arautzea erabaki du Zumarragako Udalak, eta bizilagunek egoiliar txartela eskatu behar dute. Kultur etxean jarri dute bulegoa.
Zumarragako Udalak gaueko aparkalekua arautzea erabaki du eta araututako kaleetako bizilagunek egoiliar txartelak eskatu behar dituzte gauetan etxe azpian aparkatu ahal izateko. Udalak egoiliar txartelak eskatzeko bulegoa ireki du kultur etxean.
Bi eremu erregulatuko dira. Batean, Soraluze, plaza, Legazpi, Secundino Esnaola, Urola, Legazpi kalearen atzealdea, Elizkale, Beloki hiribidea, Bidezar, Piedad, Iparragirre, Txurruka, Elkano, Okendo eta Kalebarren sartuko dira. Jai-Alain, Zelai Ariztin, Nafarroa plazan eta geltokiko plazan bizi direnek ere gauez bertan aparkatzeko baimena lortu ahal izango dute.
Bigarren eremuan Urdaneta, Artiz, Iñigo de Loiola, Filipinetako Uharteak, Orbegozo eta Hiri Lorategia sartzen dira. Legazpi auzunean bizi direnek ere aipatutako toki horietan gauez aparkatzeko txartela eskatu ahal izango dute. Bi eremuak gorriz margotuko dituzte.
Txartelak 21:00etatik 08:00etara aparkatzeko balioko du, astelehenetik ostiralera. Ostiraletik larunbatera, larunbatetik igandera, jai egunetan eta abuztuan edonork aparkatu ahal izango du aipatutako kale horietan.
Autoan itsatsi beharreko egoiliar txartelak zumarraga.eus webgunean eskatu daitezke edo Zelai Arizti kultur etxean. Txartela lortzeko, pertsona eta autoa kale horietako batean erroldatuta eta helbideratuta egon behar dira. Pertsona bakoitzeko bi baimen emango dira gehienez eta bizileku bakoitzeko hiru.
Azaroaren 1etik aurrera egoiliar txartela beharrezkoa izango da bi eremu horietan gauez aparkatzeko.