Astelehenean Zumarragan emakume gazte bati sexualki erasotzea leporatu diote gizonezkoari
Ertzaintzak 24 urteko gizonezko bat atxilotu du emakume gazte bati sexualki eraso egitea leporatuta, eta Bergarako Guardiako epaitegiko epaileak presondegian sartzea erabaki du, Ertzaintzak berak ohar batean jakinarazi duenez. Gipuzkoako presondegi batean sartu dute gizonezkoa.
Astelehen goizaldean gertatu ziren salatutako gertakariak, Zumarraga kanpoaldean. Ikerketaren arabera, bi pertsonek elkar ezagutzen zuten, eta azken hilabeteetan sare sozialen bidez hitz egiten zuten elkarrekin. Baina astelehen goizaldean, gizonezkoak emakumea “estutu eta behartu” zuen eremu publikoan elkar ikusi zezaten. Elkartu zirenean, sexualki eraso zion, nahiz eta emakume gaztea bere burua defendatzen saiatu.
Ertzaintzako iturrien arabera, gertatutakoaren berri jaso bezain laster abiatu zuten ikerketa, eta atzo atxilotu zuten gizonezkoa, “sexu askatasunaren kontrako delitua” leporatuta.
Iturria: Berria.