Goierrin, Ordizian, Beasainen eta Lazkaon ere egin dituzte protestak. Lan gatazkari irtenbidea eman ezean, protestekin jarraituko dute. Urriaren 28rako eta azaroaren 12rako grebak deitu dituzte ELA eta LAB sindikatuek
Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetako langileek protestak egin dituzte “ratio duinagoak” exijitzeko ELA eta LAB sindikatuek. Langile ugari bildu dira zentroetako atarietan, urte luzez greban izan ondoren, euren egoera “gero eta gordinagoa” dela salatzeko, besteak beste. Hogei zentro baino gehiagotan egin dituzte protestak; Goierrin, Beasaingo Arangoitin, Zumarragako Argixaon, Lazkaoko Sanitasen eta Ordiziako San Josen.
Orain arte langileen eskaerei entzungor egin dietela salatu du ELAk: “Gipuzkoako Foru Aldundiak uko egiten dio negoziazioari, eta erresidentzietako errealitatea onartu ordez, egungo eredua defendatzen jarraitzen du medioetan. Hala nola, errealak ez dien ratioak daudela defendatzen du, bi egoiliarreko langile bat dagoela esanez, eta datu erreala da, 13 egoiliar daudela langileko”. Azkeneko asteetan albiste izan den erresidentzietan egin diren inspekzioak ekarri ditu ELAk; “inspekzioak berak agerian utzi duen errealitateari bizkar ematen ari da Aldundia”.
Gauzak horrela, beste bi greba egun iragarri dituzte, urriaren 28an, osteguna, eta azaroaren 12, ostiral. ELA sindikatuak bakarrik ez, LAB sindikatuak ere bat egingo du mobilizazioekin. LAB sindikatutik adierazi dute, Gipuzkoako helduen egoitzetako egoera “lotsagarria” dela, “urteak daramazkigu sektoreko errealitateazein den salatzen, baina erakunde eta enpresen jarrera ikusita, badirudi gatazka langile, egoiliar eta hauen senideena dela soilik”. Baina garbi dute, “egoera honek jendarte guztiari eragiten diola”.
Helduen egoitzetako sektorea “zaintzan oinarrituta” dago, “menpekotasuna duten pertsonei zuzenduta, hain justu”, LAB sindikatuarentzat “babes berezia behar duten pertsonak”. Horretaz gain, gogorarazi dute, egoitzok, “diru publikoarekin finantzatzen” direla. Bada, pandemiaren eraginez, “modu gordinean utzi ditu agerian helduen egoitzetako gabeziak, berriak ez direnak”. Eta gaineratu dute, langileen egoera ere “kezkagarria” dela: “Langileak euren osasuna lanean uzten ari dira, modu prekarioan lan egiten dute, eta ordainetan, sektoreko arduradun Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du egoera aldatzeko inongo asmorik erakutsi”. Gauzak horrela, eskatzen dute, “gatazkari behingoagatik irtenbidea bat ematea”, eta horretarako guztiz beharrezkotzat jo dute, “herrialdeko hitzarmenaz eta langileen kopurua zehazten duten ratioen katalogoaz hitz egitea”. Lehentasun horietaz aparte, argi dute, “porrot egin duen sistema goitik behera aldatu beharra” dagoela. “Aski da enpresek diru publikoarekin negozio egitea”, horregatik, adineko pertsonen egoitzen publifikazioa exijitu dute.