Trending Chef ekitaldian parte hartuko du, igandean 12:30ean Baluarten. Iruñazarra jatetxearekin eta Eder Aurre diseinatzailearekin egindako lana aurkeztuko du.
Gaurtik igandera bitartean Navarra Fashion Week (NFW) egingo da Iruñean, Nafarroan antolatzen diren moda munduko ekitaldien artean garrantzitsuena. Igandeko saioan Harkaitz Barreros ile-apaintzaile urretxuarrak parte hartuko du.
HMotion ile-apaindegiko sortzaileak NFWko ekitaldi berezienetako batean parte hartuko du: Trending Chef izenekoa, hain zuzen ere. Ekitaldi horretan modeloek Nafarroako jatetxeetako sukalderien sorkuntzak erakutsiko dituzte. Modeloek goi mailako moda diseinatzaileen arropak jantziko dituzte eta goi mailako ile-apaintzaileek orraztuko dituzte.
Iruñazarra eta Eder Aurre
HMotion ile-apaindegiko Barrerosek Iruñazarra jatetxeko sukaldariak prestatutako platerak erakutsiko dituzten modeloak orraztuko ditu. Modelo horiek Eder Aurre bizkaitarrak diseinatutako arropak jantziko dituzte. Ekitaldia igandean izango da, 12:30ean, Iruñeako Baluarte eraikinean.
Barreros oso pozik ageri da. «NFW oso ekitaldi garrantzitsua da. Nafarroako profesional onenek parte hartzen dute eta gonbidatzen dituzten kanpotarrak ere punta-puntakoak dira. Ni Edurne Senosiain influencer-aren bidez joango naiz. Berarekin lan egin izan dut eta nire izena pasa zien antolatzaileei. NFW beti oso begi onez ikusi dut, baina ez naizenez Nafarroakoa, sekula ez nuela parte hartuko uste nuen. Oso aukera polita da».
Ilusio handia egiten dio Iruñazarra jatetxekoekin eta Eder Aurre diseinatzailearekin lan egiteak. «Gure hiru lanbideek zerikusi handia dute. Izan ere, hirurok sortzaileak gara. Eder Aurrerekin askotan lan egin dut», aipatu du.
Urretxuko ile-apaintzailea oso lanpetuta dago. «Astelehenean hegazkin bat hartuko dut Madrilera joateko. Bertan, bi bilera ditut. Datorren urtean gure ile-apaindegiak 25 urte beteko ditu eta zerbait berezia prestatu nahi dugu. Bestalde, asteartean beste ile-apaindegi batekin ikerketa eta garapen lan bat egingo dut, Paul Mitchell markarentzat», amaitu du.