Euskadi plazako 5. zenbakian dago eta bere ateak bularreko minbizia duten emakume guztiei zabalik daude
Katxalinek, bularreko eta ginekologiako minbiziagatik eragindako emakumeen elkarteak, Zumarragako bulegoa inauguratu du gaur eguerdian. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak eta Arantxa Gonzalez, Ainhoa Osinalde eta Daniel Jiménez zinegotziek parte hartu dute; Katxalineko emakumeekin batera.
Serranok Katxalinek egiten duen lana oso garrantzitsua dela aipatu du. “Eskerrik asko egiten ari zareten lanagatik. Udalak hainbat lokal utzi dizkie gizarte arloko elkarteei (minbiziaren aurkako elkartea, Gautena…) eta zuek ere merezi zenuten. Minbizia dutela esaten dietenean, emakumeak noraezean gelditzen dira. Hemen bidaia egiten lagunduko dieten pertsonak dituzte. Katxalinek minbizia duten emakumeei babesa ematen die. Urriaren 31n dirua bilduko dute Donostian, bularreko minbiziaren ikerketaren alde. Herritar guztiei egun horretarako antolatu den martxa solidarioan parte hartzeko eskatu nahi diet”.
Katxalineko Maite Vallek eskerrak eman dizkio udalari. “Lokal hau ametsa da. Lan handia eman duen ametsa. Duela urte eta erdi hitzarmena sinatu genuen udalarekin, baina pandemia heldu zen eta orain arte ezin izan dugu lokalera etorri. Minbizia duten emakumeengandik gertu egon nahi dugu eta horretarako lokal hau funtsezkoa da. Ahalik eta erabilpen handiena eman nahi diogu: gela bat hausnartzeko eta hitz egiteko prestatu dugu, ariketa fisiko pixka bat egin nahi dugu, minbizia dutenentzeko bihotz formako kuxinak egiten ditugu…”.
Minbizia duten emakumeentzat gaitzu hori dutenekin edo izan dutenekin hitz egitea oso garrantzitsua dela gogoratu d. “Sentitzen duguna partekatzeko beharra dugu. Minbizia duten emakumeek, lokal honetan esperientzia hori bizi izan duten beste emakume batzuk aurkituko dituzte eta beraien laguntza jasoko dute”.
Berak ere herritarrak urriaren 31n Donostian egingo den martxan parte hartzera animatu ditu. “Urriaren 31ko marea arrosa ukendua izango da guretzat. Jende guztia kamiseta arrosa soinean duela ikustea, balkoiak eta dendak arrosa koloreko apaingarriez josita ikustea… sekulakoa da. Baina, horretaz gain, ikerketa bultzatu nahi dugu. Lortzen dugun diru guztia Biodonostiari ematen diogu. Eta bere proiektu guztietan parte hartzen dugu.