Azaroaren 8an, 15ean eta 23an zurrumurruen aurkako agenteak prestatuko dituzte. Azaroaren 14an bertako jatorria duten familiek etorkinekin bazkalduko dute
Urretxuko Udalak bi ekintza antolatu ditu arrazakeriari eta xenofobiari aurre egiteko eta bizikidetza sustatzeko: zurrumurruen aurkako agenteen prestakuntza eta kulturen arteko bazkariak.
Udalak laugarren urtez jarraian antolatu du zurrumurruen aurkako agenteeen prestakuntza. Hiru saio egingo dira: azaroaren 8an, 15ean eta 23an, 18:00etatik 20:00etara.
Azaroaren 8an Arkaitz Fullaondok Zurrumurruak identifikatzen. Datuek zer diote? hitzaldia emango du. Fullaondo Ikuspegiko kidea da. Ikuspegi immigrazioaren euskal behatokia da.
Azaroaren 15ean Sara Garciak Elkarrizketarako edo komunikaziorako trebetasun praktikoak saio formatiboa eskainiko du. Garcia Matiz elkarteko kidea da. Bukatzeko, azaroaren 23an Jeanne Rolande Dacougnak Zurrumurruak, generoa eta immigrazioa hitzaldia egingo du. Rolande Biltzeneko kidea da. Biltzen integraziorako eta kultura arteko bizikidetzarako euskal zerbitzua da. Lehen saioa euskaraz izango da eta beste biak gazteleraz.
Parte hartzea doan izango da. Izena emateko, Gizarte Zerbitzuen bulegora deitu behar da (943 03 80 83 telefono zenbakia) edo aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi. Saio batean, bitan edo hiruetan eman daiteke izena. Parte hartzaileek maskara jantzita joan beharko dute eta higienearekin eta distantzia sozialarekin lotutako arau guztiak bete beharko dituzte.
Zurrumurruen ugaltzea
Antolatzaileek herritarrak eta elkarteak parte hartzera animatu dituzte. «Diskurtso populistek eta xenofoboek leku garrantzitsua bete dute azken urteotan gure gizartean; gutxiengoekiko, migratzaileekiko, errefuxiatuekiko eta aniztasun kulturalarekiko aurreiritziak indartuz. Zurrumurru eta albiste faltsu ugari dabiltza kalean, elkarbizitza oztopatuz eta diskriminazioa eta gorrotoa sustatuz. Prestakuntza saio hauetan parte hartzen dutenek zurrumurruen aurkako jarrera izaten ikasiko dute, zurrumurruak bilatzen eta desmuntatzen».
Urretxuko Udalak, zurrumurruen aurkako agenteen prestakuntza saioekin batera, Bizilagunak izeneko ekintza ere antolatu du. Beste egitasmo honen helburua ere arrazakeriari eta xenofobiari aurre egitea eta bizikidetza sustatzea da. Horretarako, bertako jatorria duten familiek kanpotik etorritakoekin bazkalduko dute.
Proiektu hau SOS Arrazakeriak jarri zuen martxan eta Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak urtero bat egiten du berarekin. Iaz ez zen antolatu, pandemia dela eta. Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak herritarrak parte hartzera animatu ditu.
Bizilagunak munduko hainbat lekutako bizilagunak elkartzeko eta elkar eragiteko aukerak erraztera bideratutako ekimena da. Gure gizartearen kultura aniztasuna ospatzeko, harrera hobetzeko eta estereotipoak indargabetzeko modu bat da, hainbat kulturatako jatorrizko pertsonen artean loturak sortuz, herritarren pertzepzioak, jarrerak eta jokabideak aldatzeko helburuarekin. Aurtengo edizioa azaroaren 14an izango da, 14:00ak aldera.
Koronabirusa oraindik arriskutsua denez, aurten familiek bi modutan parte hartzeko aukera edukiko dute: beraien etxeetan elkartu daitezke (ohi bezala) edo seguruagoa iruditzen bazaie, aire zabalean bazkaldu dezakete (herriko parke eta merenderoetan).
Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Goierri garaiko bizilagunak Urretxuko Udalarekin jarri behar dira harremanetan, izena emateko edo informazio gehiago lortzeko.
Horretarako 943 03 80 83 telefono zenbakira deitu behar dute edo aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi. Informazioa lortzeko beste modu bat ere badago: mugak.eus webgunean behar duten informazio guztia topatuko dute.
Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko arduradunek Bizilagunak egitasmoa zurrumurruen aurkako estrategia garatzeko eta xenofobia eta arrazakeria prebenitzeko «funtsezko tresna» dela aipatu dute.
SOS Arrazakeriak martxan jarritako egitasmo honetan Arrasateko, Ordiziako, Donostiako, Hernaniko eta Errenteriako udalek, Tolosaldea mankomunitateak eta Amher elkarteak ere parte hartzen dute.