ZUbertsotan bertso eskolak martxan jarritako katearen hogeita batgarren kate-begia Beñat Torresek jarri du, 'Aldatzeko beharraz' kantatuta.
· Egilea: Beñat Torres
· Gaia: Aldatu beharraz
· Doinua: zehaztu gabe
Ez omen dugu trabarik
garai berrietara ohitzeko
nor izan garen ahaztu gabe
gaur nor garen oroitzeko
gure ohiturak birmoldatuta
berreraiki ta soiltzeko
ta batzuetan sofatik altxa
oihukatu ta moitzeko
baina ez gaitezen autoegainatu
ez gara atzo goizeko
hautsak harrotu ta gizarte hau
behar bezala doitzeko
aitzakia bat topatzen dugu
gure behar bakoitzeko.
Eta horrela bizitzen gera
kontraesanean bare
injustiziak salatuz baina
eroso goxo estable
sistemak badu higiezinak
ei diren zenbait zutabe
ta haien baitan biraka gabiltz
zulo beltzean zizare
zenbateraino den gure parte
zuon buruari galde
pankartapean elkartzen gera
ustez bestearen alde
joko arauak apurtu gabe
gabiltzala jakin gabe.
Zeren zilborra bihurtzen zaigu
mugimendurako kate
“ondo” bizita gainontzekoa
inporta al zaigu bate?
Jarrera horiek ez ote dute
sorrarazten nahiko kalte?
Gizartearen isolamendu
bortitzera daramate
bihar lanera zoazenean
trenean heldu bitarte
burua altxa ta parekoa
begiratu zenezake
zuk uste baino antzekotasun
gehiago izan ditzake.
Beraz lotuta dugun kateak
ez dezan gehiago tentsa
esnatu zaitez lozorrotik ta
zure begirada zentza
ta kritikoki azter itzazu
telebista eta prentsa
ta ez ahaztu behin ilusioz
egin zenuen ametsa e
goera hortan egon liteke
zure atzean jendetza
elkartu zaindu eztabaidatu
antolatu eta pentsa
eraso on bat izaten baita
ondo eginiko defentsa.