Udazkeneko 35. Musika Zikloaren barruan izango da kontzertua, San Martin de Tours elizan.
Datorren astelehenean Urretxuko Udazkeneko Musika Zikloaren 35. edizioko bigarren kontzertua izango da. Anuna abesbatzak San Martin de Tours elizan abestuko du, 19:00etatik aurrera.
Anuna Irlandako abesbatza bat da. Michael MacGlynn zuzendariak konposatutako kantak eta Irlandako kanta tradizionalen moldaketak abesten dituzte. Mundu osoko areto garrantzitsuetan abestu dute. Tolosako lehiaketa ospetsuna parte hartzeko etorri dira Euskal Herrira.
Zikloko hirugarren eta azken kontzertua Suhar abesbatzak egingo du. Azaroaren 7an izango da, ordu eta toki berean. Suhar abesbatza esperientzia handia duten gizonezkoek osatzen dute.
Abesbatza Esteban Urzelaik sortu zuen eta Amaia Zipitria pianistarekin abesten dute. Urzelai Donostiako Orfeoiko zuzendariordea izan zen eta Espainiako Abesbatza Nazionaleko zuzendariordea da. Gure arbasoen gizonezkoen koruen kontzeptua eraldatu nahi du: erroei gogor eutsiz, baina proposamen berriak eskainiz.
Urretxuko kontzertuan Mendelssohn, Parker, Schubert, Grieg, Vaughan Williams, Biebl, Aita Donostia, Madina, Ugalde, Busto eta Sarasolaren obrak abestuko dituzte.