Azaroaren 7an Buzkantza Eguna egingo dute Zumarragan
Iazko etenaldiaren ondoren, aurten San Martin jaiak ospatuko dira berriro Urretxu eta Zumarragan.
Lehenengo ekitaldia, urtero bezala, Zumarragako Buzkantza Eguna izango da. Azaroaren 7an egingo da, Euskadi plazan. 11:00etatik 14:00etara buzkantza salmenta eta dastaketa egongo da. Fernando Salegiren eta Jesus Mari Debaren buzkantzak zerbitzatuko dituzte. Pintxoak euro batean salduko dira. Horretaz gain, Debak eta Lermako (Burgos) Alfredo Alonsok odolkiak eta buzkantzak salduko dituzte.
Horretaz gain, artisauen postuak egongo dira. Hamaika artisauk parte hartuko dute: Maider Uli (Zumarraga, egur lanketa), Iñaki Gorostidi (Aduna, altxatzeko harri txikiak), Arantxa Sistiaga (Pasai Donibane, ehoziriak), Iñaki Agirrezabala (Matxinbenta, otargintza eta umeentako tailerra), Edurne Pozueta (Zumarraga, lepokoak eta poltsak), Tomas Urkiola (Ezkio, gazta eta ogia), Mendiaraz anaiak (Urretxu, danbolinak), Elena Fernandez de Arangiz (Urretxu, poltsak), Ana Alvarez de Arkaia (Zumarraga, zereal zakuak, tokilak…), Fermin Goenaga (Zumarraga, sendabelarrak) eta Juanjo Garcia (eztia).
Bestalde, 11:30ean idi proba saioa egingo dute. Iker Zubillaga, Egoitz Armaolea, Iñaki Irigoras eta Asier Izagirreren idiek parte hartuko dute.
Zumarragako ekitaldiekin jarraituz, Agiña auzoan San Martin jaiak ospatuko dira. Egitaraua oraindik ez dago zehaztuta, baina ekitaldiak egongo direla ziurra da, Agiñako bizilagunek jaiak antolatzeko asmoa azaldu baitute.
Urretxuri dagokionez, azaroaren 11n San Martin eguneko jaia egingo dute: 17:00etatik 21:00etara, Iparragirre plazan.
Gaztetxoek herri kiroletan aritzeko aukera edukiko dute eta haurrentzako jolasak egongo dira. Gainera, beti bezala, zozketa bat egongo da eta dirua herriko elkarte bati emango diote. Abenduko feriari dagozkion zozketak ere egun horretan egongo dira. Ekitaldi nagusia odolki dastaketa izango da. Ohi bezala, odolki pintxoak doan banatuko dituzte. Musika ere ez da faltako. Iparagirre Balerdi musika bandak eta Lizarriturri txistulari elkarteak kalejira egingo dute. Ekitaldi hauek Urretxuko Udalak eta San Martin auzoko bizilagunek antolatu dituzte.