Xabier Isasa (Urretxu, 2001) Euskaltel-Euskadiko txirrindularia izango da hurrengo bi denboraldietan, 2022an eta 2023an, Laboral Kutxa taldearekin dituen dohainak erakutsi ondoren, bereziki aurtengo urtearen bigarren zatian.
Isasak denboraldi bikaina egin du: Muxikako eta Oiartzungo probak eta Helduz txapelketa irabazi ditu eta Madrilgo Itzulian bigarren izan da, baita Antzuolan, Gatzagan, Oñatin, Gernikan eta Aretxabaletan ere. Valentziako Voltan laugarren izan da eta 23 urtez azpiko Giroan ere lehiatu da.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduko ikaslea da Gasteizen. Txirrindularitzari dagokionez, Goierri Kirol Elkartean eman zituen lehen pausoak, amateur mailara heldu arte. Amateur mailan Eulen (2020) eta Laboral Kutxa (2020-2021) taldeetan aritu da.
Jorge Azanzak, Euskaltel-Euskadi taldeko kirol zuzendariak, estimu handian du. “Talentu gazte bat da, horrela erakutsi du gazte mailatik, eta beti egon da gure buruan. Etorkizunean profesionala izateko hautagaietako bat zen, baina urrats azkarrak eman ditu. Proiekzio handiko txirrindularia da, eta nahiago dugu talde profesionalean trebatzen jarraitzea”.
Xabier Isasa pozik ageri da. “Euskaltel-Euskadi nire betiko taldea izan da, kuadrillakoa, etxekoa. Mikel Landa, Samu Sanchez edo Igor Anton bezalako txirrindulariak izan dira nire idoloak eta horregatik orain talde horretan egoteak ilusio handia egiten dit. Maila horretara ahalik eta lasterren egokitu nahi nuke, onenengandik gertu egon, arreta osoa jartzeko eta ikasteko, eta baita gozatu ere. Oraindik ez dakit zein txirrindulari mota naizen, egia esan. Orain arte arlo guztietan moldatu naiz ondo. Laboral Kutxa bezalako filial bat izatea beharrezkoa da, hor txirrindulari gisa hazteko, oso garrantzitsua dela uste dut, eta egiten duten lana oso ona da. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiet lagundu didaten guztiei”