Herritar talde batek materiala jaso du azken hilabetean, La Palmako sumendiak kaltetutakoei laguntzeko. Atzo kamioi bat bete zuten, La Salle-Legazpiko ikasleen eta brigadako langileen laguntzarekin.
La Palmako bizilagunek hilabete eta erdi daramatzate sumendiaren haserrea pairatzen. Askok etxebizitza eta lana galdu dute eta, sumendiak amore ematen ez duenez, beste askok labak beraien etxebizitzak eta bizimodua aurretik eramango dituen beldur dira. Ez dago amesgaiztoa noiz amaituko den jakiterik eta horrek sufrimendua are eta gogorragoa bilakatzen du. La Palmako bizilagunek bizi duten sufrikarioa ikusita, toki askotan elkartasun taldeak sortu dira. Baita Urretxun eta Zumarragan ere. Azken asteetan produktuak jaso dituzte eta atzo kamioi bat bete zuten.
La Palmako bizilagunei laguntzeko osatu den lan taldeko kideek eskerrak eman nahi dizkiete egitasmo honetan lagundu dieten guztiei: Indartsu etxe-agentzia; lanerako erabili duten lokalaren jabea; Bi-Tartean merkatari elkartea eta elkartetik kanpoko hainbat merkatari; Domingo Agirre, Haztegi, Olazabal, Gainzuri, La Salle-Legazpi eta UGLE, ikastetxeak; Argixao eta Arangoiti adinekoen egoitzak, Urretxuko eguneko zentroa, Beasaingo EPA, Zumarragako eta Urretxuko alkateak, eta HINE eta Goi Design enpresak.
Azken asteetan jasotako produktuak kamioi batean kargatu zituzten atzo. Lan horretan Zumarragako Udaleko brigadako langileek eta La Salle-Legazpi ikastetxeko 3. DHBko ikasleek parte hartu zuten.
Bidalketa
Atzo goizean betetako kamioia Rhenus Logistica Irungo enpresak Alacantera eramango du. Ondoren, Berge Maritima enpresak Zumarragako lokalean jasotako guztia La Palmara eramango du. Urretxuko eta Zumarragako boluntario taldeak Rhenus Logistica eta Berge Maritima enpresei ere eskerrak eman nahi dizkio, noski.
Rosa Fernandez boluntario taldeko kidea gustura ageri zen egindako lanarekin. «Oso pozik gaude. La Salle-Legazpi ikastetxeko ikasleei ere eskerrak eman nahi dizkiegu. Gaztetxo asko etorri dira eta azkar eta ondo lan egin dute».
Janaria, haurrentzako arropa, pixoihalak, biberoiak, eskola materiala, mantak, izarak, garbiketa produktuak, sukalderako tresneria, maskotentzako janaria, zapatak, maskarak, begiak babesteko betaurrekoak… bidaliko dituzte. Baita Emozioen Kutxa deitu dutena ere. Bertan, La Palmako biztanleentzako mezuak eta eskulanak jaso dituzte. «Zoragarria izan da. Jende asko etorri da gauzak ekartzera».
Mikel Garcia La Salle-Legazpi ikastetxeko zuzendaria ere pozik ageri zen. «Gaur 3. DBHko ikasleak etorri dira, baina egitasmo honetan ikasle guztiek parte hartu dute: batzuk materiala ekartzen, beste batzuk bildutako materiala sailkatzen… Kamioia kargatzeko ere jendea behar zutela esan ziguten eta ez genuen birritan pentsatu. Ikasle guztiek oso gustura parte hartu dute egitasmo honetan».