Buzkantza salmenta eta dastaketa eta artisau postuak izango dira, baita idi proba ere. Urretxun eta Agiñan San Martin eguna ospatuko dute.
Iazko etenaldiaren ondoren, igandean Buzkantza Eguna ospatuko da berriro. Ohi bezala, Euskadi plazan izango da. 11:00etatik 14:00etara buzkantza salmenta eta dastaketa egongo da. Fernando Salegiren eta Jesus Mari Debaren buzkantzak zerbitzatuko dituzte. Pintxoak euro batean salduko dira. Horretaz gain, Debak eta Lermako (Burgos, Espainia) Alfredo Alonsok odolkiak eta buzkantzak salduko dituzte.
Horretaz gain, artisauen postuak egongo dira. Hamaika artisauk parte hartuko dute: Maider Uli (Zumarraga, egur lanketa), Iñaki Gorostidi (Aduna, altxatzeko harri txikiak), Arantxa Sistiaga (Pasai Donibane, ehoziriak), Iñaki Agirrezabala (Matxinbenta, otargintza eta umeentzako tailerra), Edurne Pozueta (Zumarraga, lepokoak eta poltsak), Tomas Urkiola (Ezkio, gazta eta ogia), Mendiaraz anaiak (Urretxu, danbolinak), Elena Fernandez de Arangiz (Urretxu, poltsak), Ana Alvarez de Arkaia (Zumarraga, zereal zakuak, tokilak…), Fermin Goenaga (Zumarraga, sendabelarrak) eta Juanjo Garcia (eztia).
Bestalde, 11:30ean idi proba saioa egingo dute. Iker Zubillaga, Egoitz Armaolea, Iñaki Irigoras eta Asier Izagirreren idiek parte hartuko dute.
Agiña eta Urretxu
San Martin egunaren inguruko gainontzeko ekitaldiak ere berreskuratu dira. Zumarragako Agiña auzoan San Martin jaiak ospatuko dira eta Urretxun San Martin eguneko jaia egingo dute: 17:00etatik 21:00etara, Iparragirre plazan. 17:00etan, gaztetxoek herri kiroletan aritzeko aukera edukiko dute. 18:00etan, herritarrek osatutako bi taldek pentatloi proba egingo dute. Bost probak aizkora, trontza, ingudea, lokotsak eta txingak izango dira.
Ekitaldi nagusia odolki dastaketa izango da. Ohi bezala, odolki pintxoak doan banatuko dituzte. Musika ere ez da faltako. Iparragirre Balerdi musika bandak eta Lizarriturri txistulari elkarteak kalejira egingo dute.