Adinekoentzako 30 apartamentu inguru egingo dituzte. Eraikin zaharra bota eta berria egingo dute. Pablo Garcia Etxebizitza zuzendaria Zumarragan izan da.
Eusko Jaurlaritzak Zumarragako geriatriko zaharra botako du eta bere tokian 30 apartamentu inguru egingo ditu. Gehienak herriko adineko autonomoentzat izango dira. Obra 2023an hasiko da.
Apartamentuak Alokabide sozietate publikoak kudeatuko ditu. Egoiliarrek kanon bat ordainduko dute hilero. Kanon horrek ez du bertan bizi diren pertsonen errentaren %30a gaindituko. Zumarragan erroldatuta dauden pertsonek lehentasuna izango dute.
Pablo Garcia Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendaria Zumarragan egon zen atzo eta prentsaurrekoa egin zuen geriatriko zaharrean, Mikel Serrano alkatearekin batera.
Eraikinaren izpiritua
Serranok udalak eraikina Faustino Orbegozo fundazioari erosi ziola eta orain jaurlaritzari utziko diola gogoratu zuen. «Hitzarmena urte amaitu aurretik sinatuko dugu. Datorren urtean proiektua egingo da eta obra esleituko da. Obra 2023an hastea espero dugu».
Eraikin berriak zaharraren izpiritua mantenduko duela aipatu zuen. «Adinekoei zerbitzua emango die. Geriatriko zaharrean lan egin zuten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Zerbitzu bikaina eskaini zuen eta eraikin berrian hori gogoratuko dugu».
Garcia Astrainek udalari eskerrak eman zizkion. «Lankidetzarik gabe, ezinezkoa da halako egitasmoak aurrera ateratzea. Herri guztietan egin nahi ditugu halako apartamentuak. 45 metro koadro izango dituzte gehienez eta bat edo bi logela. Gazteei eta etxebizitza egokia ez duten adinekoei zuzenduak egongo dira. Helburuetako bat belaunaldi ezberdinetako bizilagunen arteko hartuemana sustatzea da. Etxebizitza duten adinekoek beraien etxebizitza alokairuan jarri beharko dute dute (jaurlaritzaren Bizigune programarekin) hona etorri ahal izateko».
Egitasmo hau ez da Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak Zumarragan garatuko duen bakarra. Eitzaga Berrin alokairuko 108 etxebizitza egingo ditu.