Errotonda egiteko haur parke zaharra kendu egin behar izan zuten, eta haren ordez eraiki dute orain berria.
Urretxuko Udalak Aparizio auzoko haur parkea eta plaza berritu ditu. Aurtengo udaberrian aldundiak Intxene izeneko errotonda egin du auzoaren ondoan. Errotonda egiteko haur parke zaharra kendu behar izan zuten eta obra bukatu zenean udalak haur parkea eta bere ingurua berritzea erabaki zuen.
Parke berri bat jarri du, plazako zorua txukundu du eta aulki berriak ipini ditu. Haurrentzako parke berriak egungo segurtasun neurri guztiak betetzen ditu. Inbertsioa ia 30.000 eurokoa izan da.
2022an Urretxuko Udalak Aparizio auzoko zaharberritze lanekin jarraituko du. Plazaren zati bat estali egingo du, auzoko bizilagunek hala eskatuta. Gainera, auzoaren barrualdeko plaza zaharberrituko dute: zorua konponduko dute, atarien eta auzo elkartearen irisgarritasuna hobetuko dute, argiteria berrituko dute, margotze lanak egingo dituzte…
Lehenago, urtea amaitu aurretik, Intxenea baserritik edukiontzietara daraman espaloia berrituko dute. Izan ere, oso egoera txarrean dago.