Eusko Jaurlaritzak hamar fabrika ireki nahi ditu, Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren baitan. Horietako bat Zumarragan irekiko da, jaurlaritzak Arcelorri erositako lursailean. Bertan plastikoarekin lan egingo dute eta 2023 amaierarako prest egotea espero dute. Bergaran ireki nahi denarekin zailtasunak sortu dira, udala aurka azaldu delako, baina Zumarragan udalean gehiengoa duen alderdia (PSE-EE) alde dago.
El Diario Vasco egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, Zumarragako lantegian 33.000 tona plastiko prozesatuko dira urtean. Zumarragara ekarriko den plastikoa ezin da ohiko teknologiaren bidez birziklatu. Zumarragan pirolisia erabiliko da olioa lortzeko (takoil) eta olio hori plastiko berria eta erregaiak egiteko erabili daiteke. Plastic Energy enpresa britainiarra arduratuko da Zumarragara heltzen den plastikoa olio bihurtzeaz. Enpresa honek bi lantegi ditu Estatuan. Andaluzian, hain zuzen ere. Zumarragan 40 lanpostu inguru sortzea espero da.