Sariak abenduaren 17an banatuko dituzte. Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Rosa Maiza Zumarragako zinegotziak merkatariak parte hartzera animatu dituzte
Urretxuko eta Zumarragako udalek Gabonetako erakusleiho lehiaketaren 16. edizioa aurkeztu dute. Merkatariek abenduaren 2a dute izena emateko azken eguna. 9rako erakusleihoak prest eduki behar dituzte. Sariak 17an banatuko dira.
Lehiaketan bi herrietako merkatari guztiek parte har dezakete. Azaroaren 15etik abenduaren 2ra eman behar dute izena, merkataritza bulegoan (Urretxuko Labeaga kaleko 56an).
Abenduaren 9rako erakusleihoak prest egon behar dira. Epaimahaiko kideek abenduaren 9tik 16ra bisitatuko dituzte denda guztiak. Erakusleihoak 21:30ak arte argituta egon behar dira, gauez ere ikusi ahal ditzaten.
Sariak
Epaimahaia Gipuzkoako Merkatarien Federazioko kide batek, merkataritza teknikari batek, Urretxuko Udaleko teknikari batek, Zumarragako Udaleko teknikari batek eta Zumarragako arte ederretako eskolako kide batek edo Urretxuko arte tailerreko kide batek osatuko dute. Irudimena, originaltasuna, mezuaren eraginkortasuna, estetika eta Gabonekin lotura sarituko dituzte. Erakusleihoan dendaren ohiko produktuak azaldu beharko dira.
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 17an izango da, 13:30ean, Zumarragako azokan. Hiru sari eta aipamen bereziak banatuko dira. Aipamen berezietako bat merkatariek eurek banatuko dute.
Lehiaketa atzo aurkeztu zuten Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Rosa Maiza Zumarragako zinegotziak. Biek merkatarien ekarpena txalotu zuten. «Gure beharrak asetzen dituzte eta kaleei bizia ematen diete. Beraien erakusleihoekin gure herriak edertzen dituzte eta erakusleiho horiek prestatzeko gogor lan egiten dute, lan orduetatik kanpo. Erosketak herrian egin behar ditugu», esan zuen Luquik.
Maizak pandemian merkatariek egindako lana txalotu zuen. «Herritik atera ezin ginenean, beraiek arduratu dira gu hornitzeaz. Eta sekulako lan soziala egin dute. Gainera, hobetzeko gogo handia dute. Erakundeen laguntzarekin, Urretxun eta Zumarragan ez da dendarik itxi». Maizak merkatariak erakusleiho lehiaketan parte hartzera animatu zituen eta herritarrei Gabonetako erosketak herrian egiteko deia egin zien.