Gaur goizean Zumarragako goialdea eta behealdea lotzen dituen igogailua eta pasabidea inauguratu dituzte. Igogailua kiroldegiaren atzealdean dago eta bi geldialdi ditu: Euskal Herria hiribidean eta Elgarrestamendin. Igogailutik Elgarrestamendira joateko, pasabidea egin dute. Igogailu honek, kiroldegi ondoan dagoenarekin batera, kiroldegitik Elgarrestamendira igogailuan joatea ahalbidetzen du. Igogailuak ia 20 metroko altuera du eta pasabideak 40 metroko luzera. Artzamendi enpresak egin du. Aurrekontua 546.000 eurokoa izan da. Jaurlaritzak 296.000 euroko diru-laguntza eman du eta aldundiak 80.000 eurokoa.
Inaugurazio ekitaldian Pedro Jauregi jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordeak, Mikel Serrano alkateak, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin-Zumarragako zinegotziek eta goialdeko bizilagunek parte hartu dute. Serranok igogailu honek herria bitan zatitzen duen GI-2632 errepidea gainditzea ahalbidetzen duela esan du. Goialdean zerbitzu asko daudela eta jende asko bizi dela gogoratu du. Hala, herriaren bi aldeetan bizi direnentzat izango da mesedegarria. “Goialdean ospitalea, geriatrikoa, Argixao estadioa… ditugu. Eta 3.500-4.000 pertsona bizi dira”.
Egitasmoa aurrera ateratzea ez dela erraza izan gehitu du. “Pandemia izan dugu eta material horniketa zailtasunak gainditu behar izan ditugu. Hemen ere txip faltari aurre egin behar izan diogu. Igogailua uztailean inauguratu behar genuen eta azaroa arte itxaron behar izan dugu. Eskerrak eman nahi dizkiet bizilagunei, izan duten pazientziagatik”.
Jauregik irisgarritasuna Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailaren lehentasunetako bat dela aipatu du. “Lehen irisgarritasun plana onartu dugu, gainontzeko erakude eta eragileekin. Helburua denon artean irisgarritasuna bermatzea da. Izan ere, irisgarritasunak jendearen bizitza errazten eta hobetzen du. Pertsona guztiak zerbitzu guztiak eskuragarri izatea bermatzen du. Irisgarritasuna bermatzen ez badugu, jende asko etxean gelditzera kondenatuko dugu”.
Bere sailaren eta Zumarragako Udalaren arteko elkarlana goraipatu du. “Eitzan alokairuzko 128 etxebizitza egin behar ditugu eta geriatriko zaharrean ere alokairuzko apartamentuak egin behar ditugu. Udalak lana errazten badigute, laguntzeko prest gaude. Eta Zumarragan beti lana errazten digute”.
Agintarien hitzen ondoren, Esteban Orbegozo auzoan bildutakoek igogailuara sartu dira Elgarrestamendira joateko. Bertan, bizilagunek hobetu beharreko gauzak aipatu dizkiote alkateari. Igogailu batetik bestera doan bidea hobeto argiztatzeko eskatu diote. “Oso argi gutxi dago eta egunen batean zerbait gertatuko da”. Horretaz gain, Elgarrestamendi eta geriatrikoa lotzeko eskatu diote. Serranok zer egin aztertzen ari direla erantzun die.