Bi udalak bihar bertan elkartuko dira, jaurlaritzaren gidalerroa ondo aztertu ondoren
Eusko Jaurlaritzak jende pilaketak ekiditeko beharrezko neurriak indartzeko eta antolatzen diren ekitaldiak ahal dela aire librean egiteko eskatu die 150etik gorako eragin tasa duten herrietako udalei. Beti ere, neurriak zorroztuta: jendearen arteko espazioak handitu, pasabideak egokitu eta jan/edanen kontsumorako guneak mugatu.
Urretxu eta Zumarragan eragin tasa altua da eta udalek Santa Lutzi feria antolatzeko asmoa zuten. Udalek aste honetan bertan erabakiko dute Santa Lutzi feria nola ospatu. “Hasteko, Eusko Jaurlaritzaren ebazpena goitik behera irakurri nahi dugu. Ondoren, bihar bertan, Zumarragarekin elkartuko gara. Duela bi urte egin genue plangintza txukuna da. Postu asko kendu genituen (Labeaga kalekoak eta lizeokoak, adibidez) eta postuen arteko distantzia bermatu genuen. Gakoa jende pilaketa nola kudeatu izango da. Ea zer dioten horri buruz eta covid pasaporteari buruz. Ez dut Urretxuko frontoian igandeko finalean gertatu zena gertatzea nahi”, esan du Jon Luqui Urretxuko alkateak.
Mikel Serrano Zumarragako alkatea ere baikor azaldu da. “Bihar bertan Urretxurekin hitz egin eta erabaki bat adostuko dugu. Urrian egin genuen plangintza egokia dela uste dut. Zumarragaren kasuan, postuen %40 kendu genituen. Lehen sektoreari eman genion lehentasuna: plaza, La Salle-Legazpiko patioa eta Urdaneta hiribidea. Trintxeran, adibidez, ez zen posturik aurreikusten”. Sagardui sailburuarekin kritiko azaldu da. “Ardura udalen gain jartzea ez zait zuzena iruditzen. Bihar jaurlaritzaren ebazpena goitik behera irakurtzeko aukera izango dugu, gure erantzukizunaren berri zehatzagoa izango dugu eta erabaki bat hartzeko moduan egongo gara”.