Beñat Agirre eta Igor Elizburuk aurreskua dantzatu zieten, Txomin Leturia txistulariak lagunduta
Urola futbol taldeak Ander Badiola, Asier Martin eta Markel Oruesagasti omendu zituen larunbatean. Ia 20 urtez jokalari izan ondoren, 2020-2021 denboraldia amaitzearekin batera, erretiroa hartu zuten hiru gazteek.
Euren ibilbidea “eredugarria” izan da Urola Kirol Elkartearentzat: mutil koxkorrak zirela, 10-11 urterekin, hasi ziren futbolean, elkarrekin, eta 31 urterekin utzi dute, elkarrekin baita ere. Anderrek eta Markelek 13 denboraldi egin dituzte lehen taldean eta Asierrek 15. Anderrek eta Asierrek klubaren historian sartzea lortu zuten azken denboraldian, 300 partida jokatuta. Markelek gutxigatik ez du marka lortu; lesio bat tarteko, 287 partidarekin amaitu du ibilbidea.
Larunbatean, Ohorezko Mailako 10. jardunaldiko Urola-Eibar partida hasi aurretik, omenaldi xumea jaso zuten. Lehendabizi, klubak 50. urteurrenagatik estreinatu duen kamiseta berria jaso zuten, bakoitzak bere izenarekin. Jotxin Iturbek, Iñaki Aranzadik eta Matias Sanchezek eman zieten oparia. Ondoren, Beñat Agirre eta Igor Elizburu jokalariek aurreskua dantzatu zieten, taldekide duten Txomin Leturiak txistua joz.