Hogei urtez taldeko jokalari izan eta gero, erretiroa hartu dute hirurek. Haien ibilbidea «eredugarria» izan dela dio klubak.
Urola futbol taldeak Ander Badiola, Asier Martin eta Markel Oruesagasti omendu zituen larunbatean. Ia 20 urtez jokalari izan ondoren, 2020-2021 denboraldia amaitzearekin batera, erretiroa hartu zuten.
Urolako arduradunen esanetan, hiru jokalari ohien ibilbidea «eredugarria» izan da. Mutil koxkorrak zirela, 10-11 urterekin, hasi ziren futbolean, elkarrekin, eta 31 urterekin utzi dute, elkarrekin baita ere. Anderrek eta Markelek 13 denboraldi egin dituzte lehen taldean eta Asierrek 15. Anderrek eta Asierrek klubaren historian sartzea lortu dute, 300 partida jokatuta. Markelek gutxigatik ez du marka lortu; lesio bat tarteko, 287 partidarekin amaitu du ibilbidea.
Larunbatean, Ohorezko Mailako 10. jardunaldiko Urola-Eibar partida hasi aurretik, omenaldi xumea jaso zuten. Klubak 50. urteurreneko kamiseta oparitu zien. Jotxin Iturbek, Iñaki Aranzadik eta Matias Sanchezek eman zieten oparia. Ondoren, Beñat Agirre eta Igor Elizburu jokalariek aurreskua dantzatu zieten,Txomin Leturia txistulari eta taldekideak lagunduta.