Datorren asteazkenean Iñaki Alvarez zumarragarrak Alex Txikonekin egindako espedizioaren berri emango du
Ostadar mendi taldeak mendi astearen 38. edizioa antolatu du. Iaz ez zen egin, koronabirusa dela eta.
Lehen emanaldia datorren astelehenean izango da. Koke Lasa alpinista ormaiztegiarrak Om mani padme hum ikus-entzunezkoa eskainiko du. Ekitaldia Urretxuko Labeaga aretoan izango da.
Asteartean, Joseba Iztueta alpinista gabiriarrak Pamir-Distantziak ikus-entzunezkoa eskainiko du. Emanaldi hau Zumarragako Zelai Arizti aretoan izango da.
Asteazkenean, toki berean, Iñaki Alvarez zumarragarrak Manasluren negu bortitza ikus-entzunezkoa emango du.
Ostegunean, Labeaga aretoan, haurrentzako argazki ralliaren sariak banatuko dituzte. Hilaren 7an Anjel Etxeberriaren omenezko 33. ibilaldia egin zuten eta irteera hartan parte hartu zuten haurrek argazki rallian parte hartzeko aukera ere eduki zuten.
Bukatzeko, ostiralean Juan mari Gabilondo mendizale zumarragarrak Euskal Herriko mendiak ikus-entzunezkoa eskainiko du. Ostadar mendi asteko ekitaldi guztiak 20:00etan izango dira.
Aurtengo emanaldi guztietako protagonistak goierritarrak izango dira: Lasak 2020ko neguan Nepalera egindako bidaiaren berri emango du, Iztuetak Pamirrera egindako bidaiaren berri eta Alvarezek Alex Txikonekin batera egindako espedizioaren berri. Gabilondok, betiko moduan, Euskal Herriko mendietan ateratako argazkiak erakutsiko ditu.