Urrian hartutako erabakian atzera egin eta tasa jaistea onartu du udalbatzak. Oposizioak ondo hartu du jaitsiera, baina ez dela nahikoa deritzote.
Urriko osoko bilkuran Zumarragako Udalak uraren tasa %5,9 igotzea onartu zuen, PSE-EEren aldeko botoekin. Sozialistek egoera berraztertu dute eta igoera %1,99koa izatea erabaki dute. PSE-EEk aldeko botoa eman du eta gainontzeko alderdiek abstentzioa eman dute.
EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Zumarragak zuzenketa egitea txalotu dute, baina oraindik ere igoera gehiegizkoa dela deritzote. «Aquarbek 2021ean utzi dio kanona ordaintzeari. 2022an gastu hori ez duenez, tarifa murriztu daiteke», esan zuen EH Bilduko Josu Aztiriak astearteko osoko bilkuran.
Euskadi plazaren zaharberritzea Moyua enpresak egitea ere onartu zen. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten. Lehiaketara hiru enpresa aurkeztu dira eta Moyuak 658.000 euroan egingo du obra, zortzi hilabeteko epean. Mikel Serrano alkateak agintaldiko egitasmo garrantzitsuenetako bat dela esan zuen.
Eztabaida luzeena piztu zuen puntua EH Bilduren mozioa izan zen, interes publiko goreneko proiektuen erregulazio berriari buruzkoa.
Aztiriak erregulazio berriak jaurlaritzari ingurumenarentzat ona dela deritzon edozein egitasmo nahi duten tokian egiteko eskumena ematen diola salatu zuen. «Horrek udalen autonomia erasotzen du. Hori dela eta, Eudeli aurka azaltzeko eskatuko diogu».
Elkarrekin-Zumarragako Ines Benitez ere erregulazio berriaren aurka azaldu zen. EAJko Josu Idigorasek ingurumena arriskutan dagoela eta halako erremintak beharrezkoak direla esan zuen. «Hamaika erkidegok erreminta hori dute dagoeneko, horien artean Nafarroak. Hemen gauden guztiok Nafarroako gobernua babesten dugu. Zergatik da txarra han ona dena?».
PSE-EEko Rosa Maiza ere jaurlaritzari eskumen hori ematearen alde azaldu zen. «Guztiok zenbait egitasmo etxe ondoan garatzearen aurka gaude, baina aurrera atera beharrekoak dira. Erregulazio honek guztion interesa guztiaren gainetik jarriko du».
Aztiriak EH Bildu ez dagoela Nafarroako gobernuan eta han erabakia ez zela beraien oniritziarekin hartu gogoratu zuen. «Udal autonomiaren alde egin dugu». Serranok jaurlaritzak ez duela Urtubin edo Izazpin ezer jarriko erantzun zion. «Denok dakigu Zumarragak zein toki eskaintzen dituen».