Urriko osoko bilkuran Zumarragako Udalak uraren tasa %5,9 igotzea onartu zuen, PSE-EEren aldeko botoekin. Sozialistek egoera berraztertu dute eta igoera %1,99koa izatea erabaki dute. PSE-EEk aldeko botoa eman du eta gainontzeko alderdiek abstentzioa eman dute. Onura Publikoa plataformak, berria, Zumarragako uraren tasaren aurka errekurtsoa aurkeztea erabaki du. Horra hor Onura Publikoak komunikabideei bidalitako oharra:
“Urretxu eta Zumarragako udalek ordenantza fiskalak onartu berri dituzte, baina entzungor egin diote beste behin ere uraren tasetan herritarrek sufritzen duten injustizia eta gehiegikeriari. Urretxuko Udalak izoztu egin dituen arren, oraindik orain Gipuzkoako bigarren herririk garestiena izaten jarraitzen du, Aquarbek tasen bidez egiten duelako negozioa eta tarifa finkoak oso altuak direlako urretxuarrentzat.
Zumarragako udalean azken asteetan gertatu dena sinestezina da. Alde handiz, Gipuzkoako eta EAEko tarifa garestienak izan arren, uraren tasaren % 5,9ko igoera basatia ezarri zuten. Argudioa uraren prezioa hori igo zela zen, baina ez ziren konturatu (edo ez zuten konturatu nahi izan) uraren prezioa Aquarberen gastu osoaren zati bat besterik ez zela. Injustizia injustiziaren gainean. Lotsagorritzeko moduko erabakia, izan ere, 2016tik 2019ra uraren prezioa %6 igo zen arren, tarifak % 12 igo zituzten.
Dirudienez akats larri horretaz konturatu dira (berandu eta azken orduan, beti bezala) eta astearteko udalbatzarrera % 1,99ko igoera eraman zuten. Igoera, azken finean. Beraz, Onura Publikoarentzat proposamen bidegabea eta salagarria izaten jarraitzen du.
Zumarragako PSE-EEk badaki Kontuhartzailearen txostenak zer dion: kanona amortizatuta dagoela eta 275.000 euro gehigarri lortuko dituela Aquarbek 2022an. Beraz, % 24 murrizteko aukera eta betebeharra du. Murrizketa horrek Aquarberi eragingo lioke, ez udalaren sarrerei, eta herritarrentzat onura handia litzateke.
Aquarberi modu irregularrean prorrogatuko zaio kontratua udalaren zabarkeriagatik
15 urte iraun ditu kontratuak. 2021eko martxoaren 22an eskatu zuen kontuhartzaileak lizitazio berria martxan jartzeko eta 2022rako ez da eredu berria prest egongo. Dirudienez, kontratua modu irregularrean prorrogatuko da lizitazio berria martxan jarri bitartean (ura pribatizatzen jarraitu nahi dute) eta dirua oparitzen jarraitu nahi du udalak. Ezin dira gauzak okerrago egin.
Gainera, udalak txosten teknikoa Capiol enpresari eskatu dio. Capiol enpresa Agbar-Aquarbeko zuzendari ohiek osatzen dute: uraren pribatizazio prozesu basatiena eraman zuten aurrera Katalunian (1.500 milioi eurotakoa eta harrotasunez aldarrikatzen du enpresaren webgunean) eta Zumarragako txostenaren egilea inputatuta egon zen korrupzioagatik Pokemon makro kasuko Pasteleo sumarioan.
Pribatizatzaile batzuk egin duten txostena baliatu nahi du udalak uraren eredua kontu tekniko bat bezala janzteko. Baina afera politikoa da. Uraren kudeaketa herritarron esku geratzen den edo orain arte bezala pribatitzatzen den. Hori da auzia.
Horregatik, Onura Publikoak Zumarragako uraren tasak errekurritzea erabaki du eta azaroaren 19ko datarekin helegitea erregistratu du Zumarragako udalean. Helegiteak uraren tasak % 24 murriztea eskatzen du.
Amaitzeko, Onura Publikoak jakinarazi nahi du, prozedura administratiboek eta juridikoek aukera eskaintzen badute, ez duela instantzia altuagoko erakundeetara joatea baztertzen, Zumarragako tasak errekurritu eta uraren tasen murrizketa eskatzeko”.