Aintzane Oiarbide Gi-631 errepidean, Urretxu eta Aizpurutxo artean egiten ari diren obrak bisitatzera etorri da gaur. Pazientzia eskatu diete gidariei, eta informazio kanal berriak sortu dituzte.
GI-631 errepideko obran leherketak egiten ari dira, errepidea zabaldu ahal izateko. Leherketa horiek trafikoan eragiten dute, errepidea itxi beharra baitago. Leherketa gehienek 20 minutuko mozketak eragin dituzte, baina joan zen osteguneko mozketak ia 20 ordu iraun zuen. Izan ere, leherketa errepidetik oso gertu egin behar izan zen eta material asko erori zen errepidera. Gau eta egunez lan egin zuten, baina ordu asko behar izan zituzten errepidea garbitzeko. Aintzane Oiarbide diputatuak obra bisitatu du gaur eta urtarrila bitartean hamar leherketa egongo direla esan du. Horietako gehienek mozketa laburrak eragingo dituzte, baina leherketa bat edo beste handiagoa izango da eta mozketa luzeagoak eragingo ditu.
Egunero errepide hori erabiltzen duten gidariei pazientzia eskatu die eta errepidearen egoera denbora errealean kontsultatu daitekeela gogoratu die. Horretarako, @631_Aizpurutxo kanala sortu dute Twitter-en eta Whatsapp talde bat ere bai. Talde horretan mezuak bidaltzen dituzte errepidea itxi edo irekitzen den aldi oro. Talde horretako zenbakia 672690564 da. Zenbaki horretara mezua bidali behar da, taldean sartzeko eskatuz.