Xabier Isasak (Urretxu, 2001) Euskaltel-Euskadi taldearekin fitxatu du. Denboraldi bikaina osatu ondoren, datorren urtean profesional mailan lehiatzeko aukera izango du.
Denboraldi bikaina egin duzu.
Ekaina arte nahiko gaizki ibili nintzen: erorketa asko izan nituen, gaixo jarri nintzen… Baina ekainetik aurrera, espero baino hobeto aritu nintzen.
Bi lasterketa irabazi dituzu.
Biak jarraian irabazi nituen: bata larunbatean eta bestea igandean. Ordurako lasterketaren bat irabaztea espero nuen, aurreko lasterketetan ondo aritu bainintzen.
Itzulietan oso maila ona eman duzu.
Itzuliak egun bateko lasterketak baino gehiago gustatzen zaizkit. Aurten Giroan eta Madrilgo eta Valentziako itzulietan parte hartu dut. Giroan erorikoa eduki nuen, lasterketa utzi beharko nuela uste nuen eta asko sufritu nuen, baina eutsi egin nion eta azken egunetan asko gozatu nuen. Dena den, Madrilgo Itzulian eta irabazitako lasterketetan gehiago gozatu dut.
Zergatik gustatzen zaizkizu itzuliak egun bateko lasterketak baino gehiago?
Egun bateko lasterketetan nire burua ondo ikusten dut, baina denak topera doaz eta gehiago kostatzen zait gailentzea. Esprintean ez naiz gaizki moldatzen, baina tropel handietan esprintatzeak beldurra ematen dit. Esprintatzeko tokia dagoenean, saiatzen naiz. Itzulietan, ordea, egunek aurrera egin ahala, besteek behera egiten dute eta nik eutsi egiten diot.
Zure burua itzulietan lehiatzen ikusten duzu, beraz.
Itzuliak asko gustatzen zaizkit, baina profesional mailan oso argala izan behar da itzuliak lehiatu ahal izateko. Ni handia naiz eta dezenteko pisua dut. 69 kilo pisatzen dut. Datorren urtean apur bat argaltzea espero dugu.
Lasterketetan asko gozatzen duzu.
Entrenatzen ez dut beste batzuk bezainbeste gozatzen. Nik lehiatzen gozatzen dut. Mendate gogorrenetan, sufritzea tokatzen denean, inork baino gehiago gozatzen dut. Bestalde, lasterketetan ez naiz urduri jartzen.
Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko zuzendariak esan al dizu zugandik zer espero duen?
Oraindik ez dugu lasterketez hitz egin. Maila baxueneko lasterketetan hasiko naizela pentsatzen dut, oraindik oso gaztea bainaiz. Lasterketa horietan maila ona emanez gero, Donostiako Klasikoan parte hartzea gustatuko litzaidake. Taldeak seguru aski Espainiako Itzulian parte hartuko du. Gazteegia naiz hiru asteko itzuli batean parte hartzeko, baina denboraldian zehar oso maila ona ematen badut, nork daki…
20 urterekin profesional mailara salto egitea, Euskaltel-Euskadirekin gainera, gauza handia da. Zer esan dizute ingurukoek?
Ekaina arte arazo asko izan nituenez, ez genuen uste profesional mailara salto egingo nuenik. Baina udan lasterketa guztietan 10 lehenengoen artean sailkatu nintzen eta jendeak profesional mailara pasa behar al nintzen galdetzen zidan. Halako batean, Jorgeren deia jaso nuen. Hemen, 20 urterekin profesional mailara salto egitea nahiko harrigarria da. Beste toki batzuetan ez, ordea. Hobetzen jarraitzea nahi dute. Ikastea. Profesionalen artean 23 urte azpikoen artean baino gehiago eta azkarrago ikasiko dutela uste dute.
Zer esan dizute gurasoek?
Ez die grazia handirik egin. Gurasoek ikasketak amaitzea nahi dute.
Zer ari zara ikasten?
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua ikasten ari naiz. Hirugarren mailan nago. Erdia gelditzen zait.
Zein da zure txirrindulari kuttuna?
Lagunoi gehien gustatzen zaiguna Mikel Landa da, hemengoa delako eta beste inork egiten ez dituen gauzak egiten dituelako.
Zure lehen pausoak Goierrin eman zenituen.
Talde guztietan denek lagundu didate, baina herriko jendeari eta Aitor Chicori bereziki eman behar dizkiet eskerrak. Aitor nire zuzendaria izatetik nire laguna izatera pasa zen. Une txar guztietan bere babesa izan dut. Nire buruzko dena daki. Ia nire gurasoek bezainbeste. Asko poztu da profesional mailara salto egin dudalako.