Euskaltzaleen Topaguneak Haurren aurrean helduok heldu dinamika jarri du abian, haurren guraso, zaintzaile, lagun, senide eta bestelako hezitzaileen artean euskarazko praktikak sustatzeko.
Ariketa astelehenean hasi zen eta abenduaren 5era bitartean egingo da, haurrak eta hezitzaileak batzen diren eremuetan. Solaskideek euskara dakiten kasuetan euskaraz egingo dute, lehen hitzak euskaraz egingo dituzte eta kideak ulertu bai baina euskaraz hitz egiten ez badu, euskarari eutsiko diote elkarrizketa elebidunetan ere.
Helburua euskararen erabileran aurrerapausoak ematea eta helduak haurrentzat eredu izatea da. Izan ere, haurrei ematen zaien ereduak haien euskararen erabilerari eragiten dio. Erabilera sozialaren eredurik ez badago, haurrek hizkuntza ikasi bai, baina ez dute jardungo.
Euskaltzaleen Topaguneak herriei parte hartzeko aukera eman die eta izena eman dutenen artean Urretxu eta Zumarraga daude. Bi herrietan hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Atzo bertso saio motzak egin zituzten Urretxuko parkeetan. Gaur jolasak, egongo dira, 17:00etatik 19:00etara, euskaltegiko parkean. Aste honetako ekitaldiekin bukatzeko, bihar Inun taldeak kontzertua emango du. 17:00etan izango da, Areizaga-Kalebarren plazan.
Datorren astean ere hainbat ekitaldi egongo dira. Asteartean jolasak egongo dira, 17:00etatik 19:00etara, Zelai Arizti parkean. Asteazkenean bertso saio motzak egingo dituzte: 17:00etatik aurrera, Zumarragako parkeetan. Ostegunean, jolasak egongo dira berriro: 17:00etatik 19:00etara, Izazpi auzoko parkean. Ostiralean Mintzodromoa egingo dute: Zumarragako plazako arkupeetan, 18:30ean. Bukatzeko, igandean (abenduak 5) Txan magoaren ikuskizuna egongo da: 17:00etan, Labeaga aretoan.