ZUbertsotan bertso eskolak martxan jarritako katearen hogeita hirugarren kate-begia Uxue Fernandezek jarri du, Azaroaren 25ari jarritako bertsoekin.
· Egilea: Uxue Fernandez Lasa
· Gaia: Azaroak 25
· Doinua: Semaforoak gorri ta berde.
Axola al du zer izen dugun
ta zer dugun dindilizka?
Bai, antza! Beraz, salatzen ari
da borroka feminista.
Azaroaren 25a
ardatz hartuta dabiltz ta,
sare sozial zein egunkari,
irrati nahiz telebista,
urtean behingo auzia ez da
indarkeria matxista.M8 ta A25
dira egun “mundialak”,
kanpaina, mezu ta bideotan
boterearen itzalak,
aldarrikapen interesatu
ta argazki instituzionalak,
baina neurri ta legeak sortzen
zuen ahalegin hutsalak,
nabarmenago egiten ditu
sistemaren arrakalak.Aurten bost andre ja erailak
ta zenbat eraso datu,
izebergaren alde ilunak
zergatik ez bistaratu.
Elkar hauspotuz, elkar saretuz
aldarri, lelo ta kantu,
beldurra eta izua, behingoz,
alboan uzten ausartu,
aske ta lasai bizi gaitezen
plaza ta kaleak hartu.Ahizpatasunak ahalduntzea
izan bailezake ordain,
min ta zauriak ahaztu gabe
kemena bihurtuz orbain,
bagara gure espazio ta
buruez jabetzeko lain,
harrotasunez, irmotasunez,
dantzatu gorputz ta mingain
bortizkeria matxista gabe
bermatu BIZITZAK ORAIN!