Ianire Ugarte psikologo zumarragarra nutripsikologian eta mendekotasun emozionalean aditua da. Geroz eta anorexia eta bulimia kasu gehiago ikusten direla aipatu du. Ez soilik nerabeen artean.
Elikadura jokabidearen nahasmendua arazo larria bilakatu da XXI. mendeko lehen munduko gizarteetan. Pandemiak arazo hau areagotu egin du. Ianire Ugarte psikologo zumarragarra gaian aditua da eta kontsulta ireki du Urretxuko Labeaga kaleko 58an.
Ugartek Bilboko kontsulta batean lan egin zuen eta bertan jabetu zen elikaduraren eta emozioen arteko lotura estuaz. «Nutrizionistekin lan egiteko aukera izan dut. Asko ikasi dut beraiengandik. Emozioekin jatea zer den irakatsi didate. Nutripsikologian eta mendekotasun emozionalean espezializazioa egin dut. Izan ere, antsietate eta depresio kasuen %90ean elikadurarekin zerikusia duten portaerak ageri dira. Pertsona askok dietak jarraitzeko arazoak zituztela esanez etortzen ziren Bilboko kontsultara eta psikologoon taldera pasatzen zirenean azpian arazo emozional bat zutela ikusten genuen. Arazo hori zuzentzen saiatzen ginen eta ondoren pertsona hori nutrizionistarengana pasatzen zen».
Sabela gure bigarren burmuina dela dio. «Biek lotura handia dute eta bata gaizki dagoenean bestea ere gaizki egoten da. Emozioak portaera ekartzen du».
Hala, arazo emozionalek elikaduran eragin handia dute. «Kasuen %80an esango nuke. Egun txar bat duzunean, pizza bat jaten duzu. Noizean behin pizza bat jatea ondo dago, baina gertatzen ari denaren jakitun izanda eta nola kudeatu dezakezun jakinda. Egoera horiek kudeatzeko mila teknika daude», azaldu du.
Elikadura jokabidearen nahasmenduak emakumeen artean gehiago ematen direla dio. «Edertasunarekin lotutako presio handia jasaten dutelako. Gainera, emakumeek emozioak gehiago azaleratzen dituzte. Gizonei emozioak jaten irakatsi diete. Gizon batek terapia eskatzen duenean, oso gaizki dagoelako da. Gainera, ohikoagoa da emakumeek janaria erabiltzea anestesia moduan eta gizonezkoek kirola».
Zoritxarrez, geroz eta anorexia eta bulimia kasu gehiago ikusten dira. «Emakumezkoen eta gizonezkoen artean, gainera. Prebentzio kanpaina asko egiten dira, baina sare sozialek min handia egiten dute. Nerabeek influencer-ekin konparatzen dute beraien burua eta beraien burua zigortzen dute. Eta beraien burua aldatzeko modu azkarrena elikadura ohiturak aldatzea da. Gainera, gaiari buruzko blog asko daude».
Helduak ez dira salbu. «Helduen artean ere kasu asko ikusten dira, batez ere 40-50 urteko emakumeak. Beraien gorputza aldatzen ari da eta asko berehala larritu egiten dira eta dietak egiten hasten dira. Baina norberaren gorputzaren onarpena landu behar da».
Pandemiaren eragina
Hori guztia gutxi balitz, pandemiak jendearen antsietatea areagotu du. «Etxean egon behar izan dugu eta askok ezin izan du ariketa fisikoa egin. Kiloak irabazi dituzte, larritu egin dira eta konpentsatzen hasi dira: hiru hilabetetan ezer egin ez dudanez, hurrengo hiru hilabeteetan bikoitza egingo dut. Anorexia eta bulimia kasu oso gogorrak ikusten ari gara. Gainera, egun guztia etxekoekin eman beharrak, antsietatea sortu dio familian arazoak dituenari. Eta askok jateari ekin diote antsietateari aurre egiteko. Kontsulten helburua zure emozioekin eta zure izaerarekin konektatzea da. Nor zaren eta zer gertatzen ari zaizun ulertzea eta hori kudeatzea. Inkontzientetik kontzientera ekartzea eta gure buruaren onarpena lantzea».
Jendea psikologoengana beranduegi joaten dela dio. «Kasu larriak ikusten ari gara. Jendea horrenbeste ez itxarotera animatzen dut. Ez dugu zertan sufritzen egon beharrik. Sufrimendua jasanezina bihurtu aurretik eskatu behar dugu laguntza. Psikologoak laguntzeko gaude eta prebentzioa oso garrantzitsua da. Jendeak lehertuta dagoela esaten digu guregana etortzen denean. Hori gehiegi itxaron dutelako da. Denborak dena sendatzen duela uste dugu eta ez da hala».