Rosa Maiza Ekonomia Sustapen, Toki Garapen eta Berrikuntza zinegotziak Zumarragako azoka sustatzeko hirugarren bonu kanpaina aurkeztu du gaur eguerdian. Oraingo honetan 800 bonu jarriko dira salgai. Herritarrek 10 euroan erosiko dituzte eta 20 euroko balioko erosketa egiteko balioko die. Herritar bakoitzak bonu bakarra eskura dezake.
Hirugarren kanpaina honek aurreko bien funtzionamendu bera izango du. Herritarrek 20 euroko bonuak 10 euroan erosiko dituzte. Bonuak 5 euroko lau tiketetan banatuta egongo dira, erosketa txikiak ere egin ahal izateko. Erosketa tiketaren zenbatekoa 5 euro baino gehiagokoa izan beharko da.
Pertsona bakoitzak bonu bat eskuratu ahal izango du eta horretarako baldintza bakarra adinez nagusia izatea izango da. Bonuak Zelai Arizti kultur etxean eta azokan jarriko dira salgai, 09:30etik 14:30era. Kultur etxean ostegunetan eta ostiraletan eta azokan larunbatetan (datorren astetik aurrera). Azokako bonu salmenta postua udaletxe azpian egongo da.
Bonuak erabiltzeko epea abenduaren 4an hasiko da eta urtarrilaren 31ra arte luzatuko da. Bonuak programara atxikitako postuetan bakarrik erabili ahal izango dira eta horiek kartel bat izango dute identifikatzeko.
Kanpaina honetan Zumarragako azokako postu guztiek parte har dezakete. Kanpainan izena emateko epea zabalik da jada. Aurreko kanpainan 17 saltzailek parte hartu zuten.